Joan den ostiralean, aurrekontu legeari buruzko elkarrizketak egiten hasi ziren Eusko Jaurlaritza eta oposizioa. EH Bilduk, baina, gaur aurkeztu du bere proposamena, eta 350 milioi euroren baino gehiagoren diru sailak negoziatzea proposatu du, horietatik 152 milioi euro inguru Osakidetza hobetzeko. «Jauzi kualitatibo bat» egitea beharrezkoa dela dio koalizioak, «herritarren ongizatean eta zerbitzu publikoen kalitatean aurrerapausoak emateko». Proposamena «bideragarria eta egingarria» dela diote.
Nerea Kortajarena EH Bilduko bozeramaileak egin ditu adierazpenak: «Errealitatea da arazoak pilatzen ari zaizkigula, moteltasunagatik, planifikazio faltagatik eta gobernu honen gestio txarrarengatik». Hala, lau ildotarako planteatu dituzte aldaketak, eta lehenak zerbitzu publikoak indartzea du helburu: osasuna, hezkuntza eta zaintza. Kortajarenaren erranetan, Osakidetza «gain behera» doa, eta herritarrak ari dira horren ondorioak pairatzen.
Osakidetzako itxaron zerrendak arintzeko 90 milioi euroko diru sail bat behar dela diote, arratsaldean ohiko txandak jartzeko konpromisoarekin. 60 milioi euroko bertze diru sail bat jarriko lukete lehen arretan eta etengabeko arretako guneetan aldaketak egiteko, profesionalendako lansariak ezarriz eta zerbitzu horietan bertze profesional batzuk txertatuz psikologoak eta gizarte langileak, adibidez.
Hezkuntzan, arlo publikoa «indartzeko» 25 milioi euroko diru saila behar dela planteatu dute: hezkuntzaren kalitatea hobetzeko, segregazioari aurre egiteko eta azpiegiturak moldatzeko.
Kalitatezko zaintza bermatze aldera, zahar etxeetako erabiltzaileen eta langileen egoera hobetzeko zortzi milioi euroko diru sail bat proposatu dute, haien baldintzak «duintzeko».
«Bizitzaren garestitzeari aurre egiteko» neurriek osatzen dute bigarren ildoa. Bertan, alokairuko etxebizitzak eskuragarriago egiteko bost milioi euroko diru sail bat proposatu dute. Horrez gain, Jaurlaritzaren eskumeneko arloetako gutxieneko soldata 1.400 eurokoa izan beharko litzatekeela erran dute, eta pentsiorik txikienak 1.080 eurokoak.
Hirugarren ildoak «trantsizio energetikoan sakontzea» du helburu, eta proposatzen dute politika publikoek energia berriztagarrietan jar dezatela arreta, eta baliabide urriko familiendako energia bonu bat egitea.
Alderdiarendako estrategikoa den ikus-entzunezkoen sektorea da laugarren ildoa, eta euskara arlo horren erdigunean jarri beharko litzatekeela erran dute.
Borondatea
Pedro Azpiazu Jaurlaritzako Ogasun sailburuak joan den astean aurkeztu zituen aurrekontuak, 15.000 milioi eurorenak. Oposizioko alderdiekin egindako lehen bileran, adierazi zuen «errealismoan eta zintzotasunean oinarriturik» negoziatuko dituztela, eta ez zutela «onartuko egiturazko aldaketarik». Dena den, ohartarazi zuen litekeena dela «inolako akordiorik» ez egotea; EAJk eta PSE-EEk gehiengoa dute Eusko Legebiltzarrean. Halere, Elkarrekin Podemos-IUk ere proposatu zuen 372 milioi euro bitarteko diru sailak leku batetik bertzera aldatzea, zerbitzu publikoak indartzeko.
Politika publikoei begirako aldaketak nahi ditu EH Bilduk aurrekontuetan
Koalizioak 350 milioi euroko proposamen bat aurkeztu du. Osakidetzako itxaron zerrendak laburtzeko 90 milioiko diru sail bat behar dela azaldu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu