'Público' egunkariak ikerketako iturriak aipatuz argitaratu du Poliziak aitortu duela Bildu koalizioaren 258 hauteskunde zerrendak "garbi-garbiak" direla. "Pertsona gutxi daude Batasunarekin harremana izan dutenak", esan diote kazetari ikerketaren berri duten iturriek. Espainiako Gobernuarekin harreman onak dituen hedabidea da hura.
Público-k Espainiako Auzitegi Gorenaren eta Konstituzionalaren jurisprudentzia ekarri du gogora. Hots, zerrenden kontra jotzeko, horietako postu "esanguratsuetan" gutxienez %20k egon behar dutela "kutsatuta". Bilduren zerrendetan ez dago halakorik, Poliziaren azterketaren arabera, eta egunkariak aipatzen du Egin zeneko erredaktoreburu ohi bat eta etakide baten iloba bat besterik ez dituztela aurkitu ustezko susmagarrien artean.
Atzo jakin zen Bilduren zerrenden kontra egiteko baimena eman duela Espainiako Gobernuak, eta, Público-ren arabera, horretarako Fiskaltzak eta Estatuaren abokatuak argudiatuko dutena izango da ETAren eta Batasunaren estrategia izan dela Bildu sortzea.
El País-ek, berriz, argitaratu du ANVren eta Abertzale Sozialisten (AS) 2007ko bozetako zerrendak eta Bildurenak gurutzatu dituela eta oraingoetan ANVko eta ASko bi zerrendakide baino ez daudela —Mañarian eta Zegaman—.
EAk, Alternatibak eta independenteek osatzen dute koalizioa. Honek atzo zioen "larria eta justifikaezina" dela inpugnazioak iragartzea gobernuak, eta ezkerrekoa eta independentista den hautagaitza bakoitza susmopean jartzea "sorgin ehiza" dela. Horrek Espainiako Estatuaren "kalitate demokratikoa" zalantzan jartzen duela nabarmendu du.
Estatuaren abokatuak eta Fiskaltzak inpugnazioak hilaren 27an eta 28an aurkeztu beharko lituzkete. Maiatzaren 22an izango dira udal eta foru hauteskundeak.
PPk gaur berriro eskatu dio gobernuari aurkezteko inpugnazioak. José Luis Ayllon PPren Kongresuko idazkari nagusiaren ustez, "Espainiako gobernu batek sekula ez ditu etakideen eta haien laguntzaileen aurka borrokatzeko hainbeste osagai".