Politika

Poliziak Auzitegi Nazionalera igorritako txostenek BECeko ekitaldiaren antolatzailea Batasuna dela azpimarratzen dute

Espainiako Auzitegi Nazionaleko iturriek Efe albiste agentziaren bidez zabaldu dutenez, hilaren 21eko BECeko batzarraren antolatzailea Batasuna dela azpimarratzen dute Espainiako Poliziak zein Guardia Zibilak Fernando Grande-Marlaska epaileari igorri dizkioten txostenek. Poliziari Batasunaren lan politikoari buruzko informazioa eskatu zion Grande-Marlaskak, alderdi hori legez kanpokoa dela argudiatu eta BECeko ekitaldia galarazte aldera. Fernando Conde-Pumpido Espainiako fiskal nagusiak ekitaldia debekatzeko Batasunak erakunde gisa antolatutakoa izan behar duela esan eta gero zabaldu dute Auzitegi Nazionaleko iturriek informazio hori.

2006ko urtarrilaren 13a
19:38
Entzun
Conde-Pumpidok adierazi du Alderdien Legeak Batasunak erakunde gisa egindako jardun politikoak galarazten dituela, baina hala eta guztiz, Batasuneko militanteak eskubide politiko indibidualen jabe direla, hala nola, elkartzeko eskubidearena.

Ildo horretatik, Justiziak esku hartu eta BECeko ekitaldia debekatzeko Batasunak erakunde gisa antolatutakoa dela frogatu beharko litzatekeela iradoki du Espainiako fiskal nagusiak.

Adierazpen horiek egin eta gero, Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Fernando Grande-Marlaskari Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak Batasunaren jardun politikoari buruz bidalitako txostenen edukiaren berri eman dute auzitegiko iturriek, Efe agentziaren bidez. Iturri horien arabera, BECeko ekitaldiaren antolatzailea Batasuna dela ziurtatzen dute Espainiako Poliziak zein Guardia Zibilak igorritako "txosten zabalek", eta hala dela frogatzeko hainbat kartel eta pankarta erantsi dituzte. Hala ere, baieztapen hori guztiz indartzeko BECeko aretoaren alokera kontratua falta da, baina aipatu iturrien arabera, datorren astean iritsiko da Auzitegi Nazionalera.

Batasunaren jardun politikoaren etetearen luzapenari buruzko auzi saioa asteartean

Polizien txostenak jasota, 2002an Batasunaren jardun politikoa etetea erabaki zen auziko aldeei helarazi dizkie Grande-Marlaskak, eta, halaber, auzi saio baterako deia egin die, astearterako. Izan ere, Jone Goirizelaia abokatuak nabarmendu duenez, Batasunaren jardunen etena ez dago egun indarrean, iragan udan, aurrez erabakitako hiru urteko epea gainditu zenean, Grande-Marlaskak ez zuelako halako ebazpenik eman.

Baina ekitaldia galarazi ahal izateko eman beharreko urratsa da jardun politikoaren etena luzatzea, eta astearteko auzi saioan erabakiko dute etena luzatu edo ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.