Pello Olanok (Lizartza, Gipuzkoa), Guardia Zibilaren esku inkomunikatuta egon den bost egunetan, "mahai gainean jarritako galdera-erantzunak onartu ezean, torturatzen jarraitzen" zutela adierazi du gaur Iker Sarriegi akusatuaren abokatuak Info7 irratian egin diotenelkarrizketan.
Herenegun espetxeratu zuten Olano, ETAko kide izatea leporatuta. Inkomunikatuta igaro zen Fernando Grande Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aurretik eta "basatiki" torturatu dutela salatu zuen haren aurrean. Olano espetxean ikusi ahal izan du Sarriegik eta adierazi du "fisikoki ahul dagoen arren, buruz argi eta indartsu" dagoela.
"Olanok jasandako torturak salatzeko" manifestazioa deitu dute lizartzarrek biharko. Tolosako (Gipuzkoa) Triangulo plazatik abiatuko da, 19:30ean.
politika