Indarkeria matxista

Poliziak uste du bikotekideak hil duela Urruñako emaztea

Etxe batean hilik aurkitu dituzte andre-gizonak, tiroz hilda. Poliziaren hipotesi nagusia da gizonak emaztea hil duela, eta gero bere buruaz beste egin. Autopsiaren zain, isilik dago prokuradorea.

jarraia167831.jpg
Garikoitz Goikoetxea.
2019ko ekainaren 18a
07:13
Entzun

Hilketa matxista bat ikertzen ari da Polizia Urruñan (Lapurdi). Herriaren erdigunetik aldendutako etxe batean, tiroz hilda aurkitu zuten bikote bat atzo goizean. Polizia ikertzen ari da zer gertatu den, baina, lehen zantzuen arabera, indarkeria matxistarekin lotua dago hilketa. Izan ere, Poliziak uste du gizonak emakumea hil zuela, eta gero bere buruaz beste egin zuela. Hipotesi hori baieztatzekotan, indarkeria matxistagatik 2003tik hildako 99. emakumea litzateke. Mayie Nervi zuen izena, eta 81 urte zituen.

Alabak aurkitu zituen bi gorpuak atzo goizean, 09:30 aldera, eta hark eman zien abisua larrialdi zerbitzuei. Urruña herrigunetik Olheta auzorako bidean dagoen etxalde batean bizi ziren biak. Hain justu, hedabide batzuek azaldu dutenez, etxalde zabal hori Claude Chaysson Frantziako Atzerri ministro izandakoarena zen —haren oinordekoak dira jabeak orain—. Hildako senar-emazteak etxaldea zaintzen aritu ziren urteetan, eta bertan bizi ziren orain ere.

Larrialdi zerbitzuak iritsi zirenerako hilak ziren andre-gizonak, eta gorpuak Bordelera (Okzitania) eraman dituzte, autopsia egitera. Poliziaren hipotesi nagusia da gizonak hil zuela andrea, eta gero bere buruaz beste egin zuela —83 urte zituen hildako gizonak—. Hala ere, Baionako prokuradoreak, Samuel Vuelta Simonek, ez du informaziorik eman nahi izan ikerketari buruz. Nabarmendu du autopsia egin gabe dagoela oraindik —ostegunean egingo dute—, eta horren ondoren eman ahalko dituela argibide gehiago. Lekukotasunak biltzen ere ari da. "Ikerketarekin segituko dugu, zer gertatu den ulertzeko".

Poliziaren hipotesia baieztatzekotan, indarkeria matxistagatik aurten hildako lehen emakumea litzateke Nervi. 2003az geroztik hildakoak 99 lirateke, BERRIAk indarkeria matxistari buruz egindako maparen arabera —11 ume ere hil dituzte—. Indarkeria matxistarekin lotutako hilketei buruzko azterketa horrek agerian jarri zuen proportzioan Lapurdin gertatu direla hilketa gehien: han hil dute bost emakumetik bat, nahiz eta biztanleen %8 bizi diren. Beste datu ezohiko bat ere bada Lapurdin: hilketa matxistak egin dituzten gizonen herenak saiatu dira beren buruaz beste egiten (30 gizon), eta horietatik herenak Lapurdikoak dira (11). Gainerako herrialdeen oso gainetik dago. Urruñako hilketak bi ezaugarri horiek beteko lituzke: Lapurdin gertatu da, eta gizonak bere buruaz beste egin du. Hilketa hori zenbatuta, 2003tik Lapurdin hil duten 23. emakumea litzateke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.