Poliziak «zerrenda beltz gehiago» egin dituela salatu dute

Urriko sarekadaren ondoren beste 50 gazte edozein unetan atxilotu ditzaketela uste dute gazte independentistek

mikel rodriguez
Usurbil
2010eko azaroaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Espainiako Poliziak joan den hilean egin zuen sarekadaren helburua zein den «argi» dago gazte independentisten iritziz: «22 gazte atxilotu, inkomunikatu, torturatu eta zerrenda beltz gehiago osatzea». Horregatik, beste 50 gaztek atxilotuak izateko arriskua dutela ohartarazi dute, haien izenak «torturapean egindako deklarazioetan» atera direlako. Hala ere, gazte horiek nabarmendu dute «babestuta» sentitzen direla, eta horrek independentzia eta sozialismoa lortu arte lanean jarraitzeko «indar handiagoa» ematen diela.

50 gazteek prentsaurrekoa eman zuten atzo Usurbilgo pilotalekuan (Gipuzkoa), dozenaka lagunen babesarekin. Agerraldiaren ondoren, han bildutako guztiek argazkia atera zuten udaletxearen aurrean.

Urrian atxilotutakoak eta «Espainiako indar armatuen eskuetatik ihes egitea lortu» zutenak izan zituzten gogoan agerraldiaren hasieran. Sistema kapitalistaren eta Frantziak eta Espainiakeskaintzen duten «aukera makur eta ustelaren» kontra altxatzen diren «gazte iraultzaile» gisa aurkeztu zuten euren burua Usurbilen bildutakoek. «Euskal iraultza muturreraino eraman» eta euren «ametsak bete arte» geldituko ez diren «gazte konprometituak» direla zehaztu zuten, eta gazteria Euskal Herriaren «oraina eta geroa» dela aldarrikatu. «Horregatik, polizia armatuek gure etxeko ateak bota, atxilotu, torturatu eta espetxeratu egiten gaituzte», esan zuten.

Azken sarekadarekin, «Ferraz aldean, Canillasen eta Auzitegi Nazionalean bizi den mila aurpegidun borreroak» izua hedatu nahi izan duela uste dute gazte independentistek. Mezu argi bat eman nahi izan dute: «Entzun ondo Espainiako agintari ustelok: hemen gaude eta ez gaituzue geldituko». Euskal Herriko kaleetan «borrokarako prest» dauden gazteak «ehunka» direla jakinarazi dute, eta, etorkizunean, «milaka» izango direla. «Bortxakeriaz saiatuko dira berriz ere gu geldiarazten, baina argi eduki dezatela herri oso bat izango dutela aurrean tinko».

Atxilotuen tortura salaketak

Espainiako Poliziak hamalau gazte atxilotu zituen urriaren 22an, Segi gazte erakundeko arduradun izatea leporatuta. Haietako bat bermea ordainduta aske utzi zuen Fernando Grande-Marlaskak, Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak. Beste zortzi lagunen bila ere ibili zen Polizia, baina ez zituen harrapatu. Atxilotuak bost egun egon ziren inkomunikatuta. Aldi horretan tratu txar fisikoak eta psikologikoak pairatu zituztela salatu zuten. Besteak beste, salatutako torturen artean zeuden poltsa, kolpeak eta presio psikologikoa eta mehatxuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.