Antropologoa

Sergio Garcia: «Poliziaren esku hartzearen efekturik agerikoena gizarte desberdinkeria sortu eta areagotzea da»

Salhaketa elkarteak, beste hainbat elkarterekin batera, kultura antipunitiboaren 54. kongresua egin du Gasteizen. Hizlarien artean Sergio Garcia izan da, antropologoa eta Sin Poli kolektiboko kidea.

Sergio Garcia antropologoa, kongresuan hitzaldia eman ostean, EHUren letren fakultatean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Sergio Garcia antropologoa, kongresuan hitzaldia eman ostean, EHUren letren fakultatean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Peru Amorrortu Barrenetxea
Gasteiz
2026ko irailaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sergio Garcia (Madril, 1975) antropologoa eta Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko (UCM) ikertzailea da. Gatazkak modu autonomoan konpontzeko moduak ikertzen ditu, arazoak Poliziari edo epaitegiei hots egin gabe konpontzeko. Helburu horrekin, Sin Poli kolektiboa sortu zuen Madrilgo Vallecas auzoan, beste hainbatekin batera, duela lau urte. Poliziak gizartean duen presentzia gero eta handiagoaz eta horri aurre egiteko alternatibez mintzatu da Salhaketa elkarteak Gasteizen kultura antipunitibistari buruz egindako kongresuan. 

Txikitan sarri esaten zaie haurrei arazorik izanez gero Poliziari deitzeko. Aholku ona edo txarra da? Zergatik?

Azken hamarkadetan zabaldu den aholku bat da, eta Polizia ezartzen du gatazkak konpondu eta kudeatzeko eragile nagusi gisa. Ona edo txarra den, bakoitzaren balorazioaren araberakoa izango da, jokoan dagoenaren eta testuinguruaren araberakoa. Argi dagoena zera da, arazoei, krisiei eta gatazkei aurre egiteko modu horrek ez duela beti Poliziaren diskurtsoek edo Poliziaren inguruko mitoek saldu nahi diguten efektua sortzen.

Egoera gehienak ez dira Poliziarekin konpontzen, Poliziarik gabe konpontzen ditugu, auzokideen, lagunen edo kaleko ezezagunen artean. Beraz, nire ustez, mito bat da Poliziari deitzea dela konponbide onena, eta estrategia bati dagokio, gure gizartean Polizia arazoak konpontzeko eragile nagusi bihurtzeko estrategiari, hain zuzen ere.

Zer-nolako ondorioak ditu estrategia horrek, gizartearen «polizializazio» horrek? Nolako ondorioak ditu Poliziak gero eta egoera gehiagotan esku hartzeak?

Polizializazioaren kontua ez zaie soilik segurtasun indarrei egotzi behar. Hori sortzen duen testuinguru bat dago; gure kasuan, kapitalismo berantiar neoliberala, indibidualizazioa eta komunitateen haustura bultzatzen dituen testuingurua. Horrek gizartearen baitako desberdinkerien areagotzea dakar, hirietan batez ere, eta desberdinkeriek segurtasun gabezia subjektiboa eragiten dute, baita beldurra eta gatazkak ere.

Bestetik, zer egiten du Poliziak, erakunde gisa, segurtasun gabezia subjektiboaren arazo horrekin, gatazka horiekin? Ba, segurtasun gabezia subjektibo hori baliatzen dute segurtasun poliziala sortzeko. Polizia gero eta sartuago dago berez segurtasunarekin eta Poliziaren lanarekin zerikusia ez duten dinamika eta egoeretan. Horri deritzogu polizializazio prozesua, eta berdin ari da gertatzen Euskal Herriko gizartean, Espainiakoan eta mundu osoko testuinguruetan. Prozesu horren efekturik agerikoena gizarte desberdinkeriak sortzea eta areagotzea da.

«Segurtasun gabezia subjektiboa» aipatu duzu: segurtasun gabezia geroz eta handiagoaren inguruko alarma gizartean. Nondik sortzen da hori, eta zer helburu du? 

Azken hamarkadetan, segurtasun gabezia subjektibo hori sortzeko ahalegin aktiboa egon da, gero eta nabarmenagoa. Horrek badu komunikabideekin zerikusia. Gertaera delakoekin zerikusia duenak alarma sozial handia eragiten du, eta oso eraginkorra da irakurleak edo ikusleak erakartzeko. Klikbeitaren garaietan, are gehiago.

Aldi berean, gainera, Poliziaren komunikazio taldeek gero eta botere handiago dute, baliabide eta langile gehiago dituzte. Ez dira soilik komunikabideekin lotzen, loturak dituzte zinema ekoizleekin, ikus-entzunezkoen munduarekin, telebistako kate handiekin... Horren guztiaren ondorioz, pentsatzen dugu mundu oso arriskutsu batean bizi garela, segurtasun gabezia handia dagoela, eta gure salbatzaile bakarrak legearen agenteak izango direla.

Indibidualizazioa eta komunitatearen galera, besteak beste, ageri dira testuinguru guztietan. Poliziak bere gain hartu al ditu garai batean komunitateak konpontzen zituen arazoak?

Bai, eta hori oso argi ikusten da. Finean, gure gizartean gatazka gehienak Poliziari deitu gabe edo salaketarik jarri gabe konpontzen ditugu. Edonork ditu, egunean zehar, bi edo hiru gatazka, eta gure jakintza kulturalaren bitartez konpontzen ditugu horiek, bitartekari bati dei eginda edo beste partearekin hitz eginez, edo, batzuetan, gatazka batean ez sartzea erabakiz. Estrategia ugari daude.

Horrelako estrategia alternatiboak berreskuratzeko jarri zenuten martxan Sin Poli egitasmoa. Zer proposatzen duzue, eta nola burutzen duzue?

Sin Poli duela lau urte sortu zen, hain zuzen ere polizializazioari buruz egin genuen ikastaro autogestionatu baten ondorioz. Bertan izandako elkarrizketen harira, konturatu ginen jendeak askotan aipatzen zituela gatazkak konpontzeko baliabide alternatiboak, Poliziaren esku hartzea behar ez zutenak. Horrek bultzatu gintuen jendearen artean esperientzia horien bilketa egitera. Anekdota pertsonalak ziren, baina, irudi orokorrari begiratuta, beste irudi bat sortzen da.

Eta irudi horrek esaten digu badaudela jakintza batzuk, badagoela ezagutza kultural bat, gatazka ugari konpontzeko modua ematen diguna, baita gaur egun agintarien, adituen edo Poliziaren esku uzten ditugun gatazka asko konpontzeko ere balio duena. Hortaz, hainbat komunitatetan gatazka horiek nola konpontzen ziren ikertzen hasi ginen.

Adibide zehatzik jartzerik bai?

Kongresuan azaldu ditudan bi adibide emango dizkizut, iraganekoa bata, gaur egungoa bestea. Iraganeko istorioa Madrilgo Usera auzoan bizi den emakume batek kontatu zidan. 60ko hamarkadan inguru hartan Gaztela-Mantxatik joandako etorkinek sortutako txabolen auzo batean bizi zen, testuinguru oso pobre batean, eta komunitate hartan, beste edozeinetan bezala, gatazkak egoten ziren.

Bada, berrehun pertsonako komunitate hartan, zera esaten zuten arazoren bat zegoenean: «Izeba Pilarri hots egin behar diogu». Eta Izeba Pilar hura handik agertzen zen adineko emakume bat zen. Elkarrizketatu nuen andreak kontatzen zidan pertsona txikia zela, oso diskretua, oso isila, eta galderak egiten zituela. Eta galderak eginez gatazka bideratu egiten zuen nolabait, eta bi aldeak konponbide batera zuzentzen zituen. Gizarte eta familia askotan aurki daitezke horrelako figurak, sarritan emakumezkoak, gatazkaren bat dagoenean hura konpontzen saiatzen direnak.

Gaur egungo egoera, berriz, parke batean ikusi nuen, eskola baten irteeran. Ostiral arratsaldea zen, eta parkea familiez eta haurrez beteta zegoen. Orduan, txakur handi batek txakur txiki bati hozka egin zion. Txakur handia etxetik ihes egina zen, eta jabea ez zegoen han. Zalaparta handia egon zen, baina parkean zegoen jendeak egoera konpondu zuen berehala. Kontua da guraso batek txakurrak hezteari buruzko ezagutzak zituela, eta gerriko batekin soka eginda lortu zuen txakurra lasaitzea. Polizia iritsi zenerako, egoera bideratuta zegoen, eta agenteek ez zuten ezer egin.

Honekin zera esan nahi dut, leku guztietan ez dira txakurrak bezatzen dakiten adituak egongo, baina gizarte eta jendarte gehienen baitan aurki daiteke gatazkak modu autonomoan konpontzeko ezagutza, Poliziari edo epaitegiei hots egin gabe.

Bitartekariak, bitartekaritza prozesuak eta guneak behar ditugu gatazka «arin» horiek konpontzeko?

Noski. Poliziak bere gain hartzen dituen kontu gehienak ez dira delitu ere. Hortaz, alternatiba ugari daude, eta beste batzuk sortu beharko dira komunitate edo talde bakoitzaren barruan gatazkak kudeatzeko. Nola orokortu hori? Nola instituzionalizatu? Bada, adibide bat jartze aldera, lan egiten dudan auzoetako batean bada Pradolongo izeneko ikastetxe bat, eta bertan eskola bitartekaritza programa bat dute, gatazkak helduen eta irakasleen esku hartzerik gabe konpontzeko, eta eredu oso arrakastatsua da. Beti konpontzen ditu gatazkak? Ez, noski, baina Poliziak ere ez, eta eredu on bat da ikastetxeetan justizia mekanismo alternatiboak ezartzeko. Logika hori bera gurera nola eraman pentsatu beharko genuke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA