«Poliziaren indarkeria ukatzea» egotzi diote konpartsek Aburtori

Bilboko Konpartsek esan dute ez dela egongo «erantzunik gabeko erasorik» Aste Nagusian

Bilboko Kranba konpartsaren txosnan gertatu zen liskarra. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2023ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Bilboko Aste Nagusian izandako liskar batean, tartean ziren bi udaltzain, eta Poliziaren «indarkeria» salatu dute Bilboko Konpartsek. Zerbitzuz kanpo zeuden bi udaltzain Kranba konpartsaren txosnan txiza egiten hasi ziren, eta orduan sortu zen liskarra. Juan Mari Aburtok, Bilboko alkateak, diziplina espedientea ireki zien herenegun: aitortu zuen liskarra gertatu zela, baina nabarmendu zuen «poliziaren indarkeriarik» ez zela izan Bilboko Aste Nagusian. Atzo erantzun zioten Bilboko Konpartsek, ohar baten bidez: «Pozik gaude Aburto alkateak, gogoz kontra bada ere, onartu duelako gure salaketa egiazkoa zela. Baina alderik larriena ukatu egin du: poliziaren indarkeria».

Izan ere, konpartsek adierazi dute liskarrean udaltzainak oldartu egin zitzaizkiela hainbat konpartsakideri. Gehitu dute poliziek mehatxu ere egin zietela, eta, besteak beste, «uniformea janztean ez dizut lasai bizitzen utziko, eta, bestela, hilko zaitut» eta «nire mutil laguna ukituz gero, hilko zaitut» adierazi zietela, gazteleraz.

Aburtok, indarkeria izan zela ukatzeaz gain, azaldu zuen portaera hori ezin dela lotu Udaltzaingoarekin: «Ekintza mota hori ez da Udaltzaingoarena; medikuak, arkitektoak edota iturginak izan zitezkeen». Konpartsek, ordea, atzo nabarmendu zuten ez litzatekeela «gauza bera» izango erasotzaileek beste lanbide bat izan balute: «Borroka batean, polizia izatea eta konpartsakideak menderatzeko eta ihes egiteko lankideak larrialdietako pretoriar guardia gisa erabiltzea zerbitzu publiko baten erabilera pribatibo bortitza egitea da. Sentitzen dugu, bere erantzunean alkatea ez delako gai izan kasu honetan biolentoen matonismoari eta korporatibismoari aurre egiteko».

Konpartsek nabarmendu dute bortizkeria «sobran» dagoela jaietan: «Aste Nagusia hasi aurretik, argi utzi genuen ez genuela eraso bat bera ere erantzunik gabe utziko, eta horrek barne hartzen ditu funtzionario publikoak, uniformedunak izan ala ez».

Bi atxilotu, ukituengatik

Bilboko Udaltzaingoak atzo jakinarazi zuen herenegun gauean bi gizon atxilotu zituztela, emakumeei ukituak egiteagatik. Gutxienez beste zazpi gizon atxilotu dituzte Bilboko Aste Nagusia hasi zenetik, sexu erasoak egin izana egotzita.

Gainera, Euskal Herriko Emakume Migratu eta Arrazializatuen Sareak eta Euskal Herriko Perutarren Elkarteak atzo salatu zuten ostegun gauean gizon zuri batek eraso egin ziela emakume feminista nikaraguar batzuei Askapeña konpartsaren txosnan. Azaldu dutenez, andre horiek Askatasuna emakumezko preso politikoentzat jartzen zuen bandera bat zeukaten, eta gizon bat hurbildu zitzaien leloagatik liskar egitera. Nabarmendu dute hitzez eraso egiteaz gain, bultza ere egin ziola andreetako bati.

Bi elkarteok adierazi dute ez dutela eraso matxistarik eta arrazistarik onartuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.