«Esan zidaten amak nahikoa baduela semea eta suhia espetxean edukita, eta ea gai izango nintzen ni ere espetxeratzen utzi eta egoera gehiago zailtzeko». Neba eta bikotekidea espetxean ditu Izaro Arruartek, eta salatu du horrekin egin ziotela mehatxu Espainiako Poliziaren plaka erakutsi zioten bi gizonezkok, joan den urriaren 25ean. Tenerifen (Espainia) zegoen, oporretan, eta korrika egiten ari zela, herrigunetik kanpo zegoen leku batean geratu zuten.
Larri gaixo dagoen Gari Arruarte presoaren arreba —Almerian dute espetxeratua— eta Parisen preso duten Ugaitz Errazkinen bikotekidea da Arruarte. Senide den aldetik, egoera politikoari buruz zuen iritzia jakin nahi zutela esan zioten: «Ea behartuta nengoen galdetu nien, eta irribarretsu zioten ez nintzela konturatzen neukan zorteaz, Euskal Herrian beste modu batera lan egiten duela Poliziak». Atxilotzeko nahikoa froga bazituztela eta hurrengo egunean leku berera joateko esan zioten. Arruarte ez zen joan esandako lekura; salaketa jarri du.
Etxerat-eko Elias Minerrek gogorarazi du presoen senideek jasan duten bigarren «eraso larria» dela denbora gutxian —Enara Rodriguezek ere salatu zituen mehatxuak urriaren 9an—: «Bizitza arriskuan jartzen jarraitzen dugu, eta gainera, mota guztietako jazarpenak bizitzen».
Poliziek mehatxatu egin zutela salatu du presoen senide batek
Atxilotu egingo zutela esanez mehatxatu zuten; denbora gutxian, bi jazarpen salatu dituzte senideek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu