Hasi da Ibai Aginaga euskal preso ohiari ongietorri ekitaldi bat egiteagatik auzipetu dituzten hamasei lagunen kontrako epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean. Horientzat bi urte eta bederatzi hilabetera arteko espetxe zigorrak eskatzen ditu fiskalak, «terrorismoaren gorazarre» delituengatik, eta, gaur, ekitaldiaren inguruko ikerketa lanetan aritu ziren guardia zibilek, Espainiako poliziek eta ertzainek deklaratu dute. Haien adierazpenetan kontraesanak aurkitzen saiatu dira defentsa abokatuak, eta ongietorri ekitaldian egindako hitzaldiak izan dira eztabaidagai nagusietako bat. Poliziaren «kolaboratzaile» batek egindako grabazio batean jasota daude horiek, baina grabaketa ez da froga gisa aurkeztu.
Ez du ohiko hasiera bat izan epaiketak. Ibai Aginagaren defentsa abokatuak euskaraz hartu du hitza, baina epaileak behin eta berriro eten dio. Eta, halako batean, abokatuak gazteleraz adierazi dionean itzulpenerako baliabideak badaudela, Fernando Andreu epaimahaiburuak zera erantzun dio: «Ikusten nola badakizun gazteleraz, ba hala hitz egidazu». Abokatuak ez du halakorik egin, eta bota egin dute salatik. Horiek hala, Garbiñe Gomez abokatuak defendatu du Aginaga.
Gomezekin batera, beste lau defentsa abokatu aritu dira. Horiek polizien txostenetan eta adierazpenetan zirrikituak topatzen saiatu dira, eta, horretarako, Berangoko ekitaldian ustez egin ziren hitzaldiak izan dira gakoetako bat. Polizia bakar bat bera ere ez zen izan frontoi barruan, eta kanpoan izandakoek ere ez zuten entzun barruan esandakoa, gaur azaldu dutenez. Halere, txostenetan adierazpen horietatik ateratako pasarteak dira akusazioen kontrako ebidentzia nagusietako bat.
Polizia bakar bat bera ere ez zen izan frontoi barruan, eta kanpoan izandakoek ere ez zuten entzun barruan esandakoa, gaur azaldu dutenez. Halere, txostenetan adierazpen horietatik ateratako pasarteak dira akusazioen kontrako ebidentzia nagusietako bat
Pasarte horiek nondik atera dira, ordea? Horixe galdetu dute behin eta berriz defentsa abokatuek. Polizien arabera, «kolaboratzaile» batek egindako grabazio bat dute oinarri, eta Guardia Zibilak berak euskaratik gaztelerara itzuli zuen, ondoren moztu eta zati batzuk baliatzeko. «Pasarte interesgarrienak nabarmendu dira», esan du guardia zibiletako batek, baina ez grabazioa, ezta transkripzioa ere, ez dituzte jaso txostenetan. Izatez, zenbait poliziak adierazi dute eurek ere ez dutela entzun grabazioa.
«Akusazioaren oinarria da, baina zergatik ez dugu erregistrorik? Ez dugu haien adierazpenen edukiaren konstantziarik», salatu du Diego Catril defentsa abokatuak. Hain zuzen, epaiketa hasi aurretik hura bertan behera uzteko eskatu du Catrilek. Haren esanetan, akusatuen oinarrizko eskubideei eragiten die, hala nola Guardia Zibilaren txostenek adierazteak ekitaldian hitza hartu zutela, baina, era berean, hitzaldi horien inguruko informaziorik ez emateak. Epaimahaiak, baina, ez du kontuan hartu eskaera.
Frontoi barruan jazotakoaren inguruan, poliziek argi azaldu ahal izan duten bakarra da bertaratutako agenteek aurresku baten musika, Eusko gudariak abestia eta pare bat oihu entzun zituztela: «Borroka da bide bakarra» eta «Jo ta ke, irabazi arte». Ikusi ere ez zuten ezer ikusi. Frontoi barruko irudi bakarra El Correo egunkariak geroago argitaratutako irudi bat da, polizien esanetan, frontoiko «ateak itxi eta leihoak tapatu» baitzituzten. Bai azaldu dute frontoira sartzean zenbait akusatuk «ohorezko pasilloa» egin ziotela Aginagari.
Ekitaldiaren aurretik jasotakoei erreferentzia eginda, berriz, kalean pankartak jartzea da oinarri nagusia. Horrez gain, Hegoi Uriarte akusatua «antolakuntzako kide» gisa identifikatu dute. Batetik, hark egin zuelako frontoia erabiltzeko eskaera; bestetik, frontoira sartzeko jendea bideratu zuelako. Hain zuzen, hori kontuan izanda, abokatuek zalantzan jarri dute ea ekitaldia publikoa edo pribatua izan ote zen. Aratz Estonba abokatuak galdetu ostean ea «ezagunei» soilik utzi zieten pasatzen, polizietako batek esan du hala izango zirela: «Gehiago edo gutxiago, ezagunak izango ziren».
Frontoitik atera ostean gertaturikoa ere eztabaidagai izan da. Izan ere, polizia txostenetan adierazi dute ekitaldiak jarraipena izan zuela taberna batean, baina, lehen txostenean eta ondorengoetan, bi lokali egiten zaie erreferentzia. Horren inguruan, zenbait laguni «Gora ETA militarra» oihu egitea egozten diete. Abokatuek, baina, beste zenbaitetan egin bezala, galdetu dute ea identifikatuta ote dauden oihu horiek egin zituztenak eta horiek egindako deklarazioak, baina ezezkoa izan da erantzuna.
Disidentzia
Fiskaltzak, akusazioak planteatzean, norbanakoetatik haratago ere jo du, eta haren zein guardia zibilen adierazpenetan hiru erakunde aipatu dituzte behin baino gehiagotan: Jardun koordinakundea, Tinko eta Gasteizko Elkartasun Komitea. Polizien arabera, talde horiek ez dute bat egiten «ezker abertzalearen bide estrategikoarekin», eta «disidentzian» kokatu dituzte. Bide horretan, guardia zibilek adierazi dute erakunde horiek ez dutela bat egiten EPPKk eta «ezker abertzale tradizionalak» euskal presoei eginiko harrerak «modu pribatuan» gauzatzearen alde hartutako erabakiarekin, eta «amnistia osoa» defendatzen dutela, eta, zenbait kasutan, baita «indarkeria armatuaren» erabilera ere.
Horien artean, Jardun izan zen ekitaldiaren berri ematen lehena, polizien arabera. Zehazki, txio bat aipatu dute: «21 urteren ostean, Ibai Berangon. Martxoaren 13an adi egon». Baina txioan ez zen ez lekurik ez ordurik zehazten. Tinkoren kasuan, zehaztu dute auziari erreferentzia bat egin zitzaiola haren webgunean; Gasteizko Elkartasun Komiteari dagokionez, berriz, zehaztu dute «ongietorriak ospatzearen defentsa» egin zutela, eta Aginaga aipatzen zuten pankartak jarri zituztela.
Defentsa abokatuek, baina, galdetu dute ea ekitaldia prestatzeko «ekimen zehatzen» baten berri izan ote zuten, talde horiek ekitaldiaren prestaketa lanetan aritu zirela esateko. Guardia zibilen esanetan, baina, sare sozialetan zabaldutako mezuak eta jarritako kartelak soilik jaso dituzte. Are, Estonbak berriz galdetu du ea mezu horietan leku eta ordu zehatzik ezartzen ote zen, eta ezetz erantzun dute.
Era berean, erakunde horien eta akusatuen arteko lotura ere ezbaian jarri dute defentsa abokatuek. Izan ere, Kandaru kultur elkartearen izenean eskatu zuen Hegoi Uriarte auzipetuak frontoia erabiltzea, «bertso saioa eta luntxa» egiteko. Eta horren inguruan galdetuta, polizietako batek nahastu egin ditu Kandaru eta Gasteizko Elkartasun Komitea, Estonbak egindako galderei erantzuten ari zela. Hark galdetu dio ea zein den oinarria Uriarte, Kandaruko kide dena, Gasteizko Elkartasun Komiteko kide dela adierazteko. Izan ere, abokatuak gogoratu du Uriarte Berangokoa dela, Bilbotik gertu baina Gasteiztik urrun xamar dagoen udalerri batekoa. Auzi horri lotuta, beste polizia batek zera erantzun dio: «Ni Madrilgoa naiz, baina Bartzelonako futbol taldekoa».
Fiskaltzarekin batera, herri akusazio gisa aurkeztu dira Dignidad y Justicia elkartea, Vox alderdia eta Villacisneros fundazioa, baina apenas egin duten galderarik gaurko saioan. Kontrara, auzitegiaren kanpoaldean, dozenaka lagunek elkartasuna adierazi diete hamasei auzipetuei.
