NUPeko ikerlaria

Lydia Delicado Moratalla: «Pornografian emakumeen kontrako indarkeria grabatu eta monetizatu egiten da»

Pornografia digitala «arazo globaltzat» jo du Lydia Delicado Moratallak, eta adierazi du eduki horren kontsumoak ez duela «berehalako» eraginik, baina jarrera eta iruditeria jakin bat sortzen duela.

Lydia Delicado NUPeko ikerlaria. BERRIA
Lydia Delicado NUPeko ikerlaria. BERRIA
Isabel Jaurena.
Iruñea
2025eko ekainaren 19a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Lydia Delicado Moratalla NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleak (Alacant, Herrialde Katalanak, 1980) pornografiaren inguruko ikuspegi kritiko eta feminista lantzen duen liburu bat koordinatu du: La pornografía, un problema social global. Didáctica feminista (Pornografia, arazo sozial global bat. Didaktika feminista). Delicadok ohartarazi du pornografia digitala kontsumitzeak ondorioak dituela gizartean, bereziki indarkeriarekin eta sexualitatearekin lotutako jarreretan.

Pornografia digitala arazo sozialtzat jotzen duzue, eraikitzen duen kontakizuna ideologia patriarkaleko elementuek osatzen dutelako. Iruditeria horretako zer estereotipo erreproduzitzen dira pornografian?

Pornografian, sexualitatearen gaineko gidoia oso errotuta dago ideologia patriarkalean, non gizonek kontrolatzen duten sexu harremana, maskulinitatearen ikuspegi oso estereotipatu batetik. Gizonen eta emakumeen arteko sexualitatea modu jakin batean agertzen da: gizonek emakumeei egiten dieten zerbaiten moduan; andreak ez dira protagonistak, eta bertzeen nahiak asetzeko objektu gisa erabiltzen dituzte. Jipoitu egiten dituzte, ez dute mugarik jartzen, eta jarrera pasiboetan ageri dira, gizonek proposatzen dituzten praktikei ezetz errateko gaitasunik gabe. 

Zer ondorio ditu elementu horiek guztiak sustatzeak?

Pornografiaren kontsumoak berak eta kultura industrien bidez egunerokoan infiltratutako pornografiak ez dute berehalako eraginik; ordea, jarrera eta imajinario jakin batzuk sortzen dituzte, eta horiek adin guztietako herritarrei eragiten diete. Eta jarrera horiek, nolabait, bide ematen diote indarkeriari eta indarkeria plazerarekin lotzeari. Hau da, indarkeria eta plazera berdindu egiten dituzte. Are, gaur egun, pornografia biralak adierazten du desiragarria, progresista edo sexu askatasuna zer den.

«Gaur egun, pornografia biralak adierazten du desiragarria, progresista edo sexu askatasuna zer den»

Iruditeria hori eraikitzen duten zer elementu identifikatu dituzue?

Asfixia, adibidez, tortura instrumentuekin edo haiek gabe, anitz zabaldu da pornografia digitalean, eta praktika hori desiragarria balitz bezala barneratzen du jendeak, normala den zerbait balitz bezala. Hain zuzen, Ameriketako Estatu Batuetan eta Australian azken bi urteetan egindako hainbat ikerketatan frogatu ahal izan dute gero eta ohikoagoa dela asfixia erabiltzea sexu harremanak izatean. 

Bertze ebidentzietako bat da pornografia biralean sexu harremanak babesik gabe izaten direla. Horri lotuta, ohartu gara azken hamarkadan jaitsi egin dela preserbatiboen erabilera, eta sexu bidez kutsaturiko gaitzek gora egin dutela. 

Pornografia digitala gizarteko arazoa ez ezik, «arazo globala» ere badela nabarmendu duzu. Zertaz?

Frogatu delako pornografiaren bidez emakumeen kontrako jarrera misoginoak eta, oro har, indarkeria normalizatu egiten dela, eta, gainera, gizonek ez dute jarrera kritikoa hartzen emakumeen kontrako bortizkeria dela eta. Are, pornografiak jarrera akritikoak indartzen ditu indarkeria horren aurka jarrera ez oso kritikoa duten gizonen artean, eta, hala, bestelako jokaerak sortzen ditu: emaztekien kontrako indarkeria asmatutako zerbait dela pentsaraztekoak.

«Frogatu da pornografiaren bidez emakumeen kontrako jarrera misoginoak, eta, oro har, indarkeria normalizatu egiten dela»

Lanean nabarmendu duzu grabatutako pornografia ez dela fikzioa, errealitatea baizik: grabatzen dena gertatzen da. Zer dakar horrek?

Industria pornografikoak hedapen pribilegio bat du: emakumeen eta haurren kontrako indarkeria ekintzak egin ditzakete. Andre horiek jipoitzen dituztenean, iletik tiraka lurretik herrestaka ibiltzen dituztenean edo lurraren eta paretaren kontra botatzen dituztenean, dena grabatzen dute, eta egiatan gertatzen da. Gainera, hertsadura ekonomikoko sistema bat dago, emakumeek praktika jakin batzuk onar ditzaten: produktoreek proposatutako praktikak onartzen dituzten emakumeek diru gehiago jasotzen dute. 

Horrek guztiak zera erran nahi du: pornografiatik kanpo debekatuta dagoen hori, emakumeen kontrako indarkeria alegia, pornografian gertatzen dela, eta grabatu eta monetizatu egiten dela.

Adierazi duzue plazera, erasoa eta sexua elementu baliokide gisa aurkezten direla pornografian, eta sexu indarkeriarekiko deskonexio enpatikoa gertatu dela. Zer erran nahi du kontzeptu horrek?

Badela emakumeen kontrako indarkeria identifikatzeko gaitasunik, baina ez dela aintzat hartzen. Adibidez, iaz Euskal Herriko Unibertsitatean ikerketa bat egin zuten, eta ikusi zuten hezkuntza graduak ikasten dituzten ikasleek onartzen zutela pornografia biralean emakumeen aurkako indarkeria praktikak daudela. Bortizkeria hori identifikatu arren, aitortu zuten irudi horiek kitzikatzeko, autoplazererako eta sexualitatearen gaineko jakin-mina asetzeko erabiltzen zituztela.

Eta zer dakar deskonexio horrek?

Arazoa da aski laxo jokatzen dela indarkeriaren aurka, eta, gainera, emakumeen kontrako indarkeriaren eta degradazioaren kontakizun horrek ez duela axola. Herritarrak nolabait axolagabe agertzen dira emaztekien kontrako indarkeriaren eszena zehatz eta esplizitu horiek ikusita.

«Herritarrak nolabait axolagabe agertzen dira emaztekien kontrako indarkeriaren eszena zehatz eta esplizitu horiek ikusita»

Pornografiak kultura industrian sartzea lortu duela ere aipatu duzue lanean: pornifikazioa deritzon prozesu baten bidez. Adibide zehatzik topatu duzue?

Emakumeen pop musika industriaren kasua oso argia da: feminitatearen estereotipo guztiak modu biralean erreproduzitzen dira. Emakume horiek etengabeko tentsio batean daude ahaldunduta ageri direlako, eta, aldi berean, bere egin dituztelako pornografiaren kanon estetikoa eta ikuspegi patriarkal eta maskulinotik pentsatutako pornografiaren berezko jarrerak.

Ebidentzia horiekin guztiekin batera, lanean hezkuntzako eta gizarte zientzietako ikasleentzako prestakuntza baliabideak txertatu dituzue. Zergatik?

Ikusten genuen azken hamarkadetan argitaratutako ebidentzia guztiek pornografiaren arazoaren berri ematen zigutela, eta unibertsitateetan aztertu behar dela, gure gizarteko funtsezko sektoreetan lan egingo duten horiek prestatzeko. Gizarte arazoei eraldaketa begiraden bidez heldu behar zaie, eta horiek detektatu ahal izateko trebakuntza bat behar da.

Uste dugu, gainera, ebidentzia guztiak aztertu ondoren, pornografiari buruz heztea, solastatzea eta ikastea ez dela nahikoa arazo hori konpontzeko: beharrezkoa da botere publikoek esku hartzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.