Igor Portuk tortura gogorrak jaso zituela adierazi du Donostiako 1. Instrukzio Epailearen aurrean. Portuk epaileari agertu dionez,atxiloketaren ostean hasi zitzaizkion Guardia Zibilak jotzen, “Nortasun agiria eskatu zidaten, eta miatzen hasi ziren, lau guardia zibilekin patrol batean sartu ninduten, eta handik gutxira muturrekoak eta zartakoak ematen hasi zitzaizkidan”.
Porturen testigantzak bat egiten du, atzo, Bergaran (Gipuzkoa) deklaratu zuen lekukoarekin. Biek atxiloketa “garbia” izan zela adierazi dute. Lekukoaren arabera, ez zuen inork ihes egiteko asmorik izan, eta atxilotuek ez zioten aurre egin poliziari.
Portu atxilotu zutenetik inkomunikatuta daukate, beraz, ezin izan da aurrezhitzartutako deklarazioa izan.
Bi testigantzek hankaz gora uzten dute Espainiko Barne Ministroak emandako bertsio ofiziala. Horren arabera, atxiloketa unean gertatu ziren kolpeak, poliziari erresistentzia jartzeagatik.
Porturen testigantzaren arabera, 11:00ak aldera atxilotu zuten.“Guardia Zibilaren hiru edo lau patrol etorri ziren, NAN-a eskatu zidaten, eta lehen begiratu bat bota ostean, miatzen hasi zitzaizkidan”. Lau guardia zibilekin sartu zuten patrol batean, bi aurrean eta bi atzean, eta bera erdian. Handik gutxira, "atxiloketatik 50 batminutura" muturrekoak eta zartakoak ematen hasi zitzaizkiola agertu du deklarazioan.
“Bide batetik joan ginen eta ibaiertz batera eramango nindutela esan zidaten”. Arrasatetik pare bat kilometrotara zegoen errepide batera eraman zuten, ibai bat zegoen atzean, eta bertan Mattin Sarasolarekin topatu zen une batean. Porturen arabera, han berriro jipoitu zuten, eta hiltzeko mehatxua egin zioten.
Patroletik atera ondoren baso batera eraman zuten, eta handik behera, ibai batera. Sarasola behean zegoen, eta hari zerbait egin ziotela adierazi du Portuk tiro bat entzun zuelako, eta exekuzio baten simulazioa zela pentsatu zuen. Bera eraman zuten ondoren. “Sabelean, saihets hezurretan eta buruan jo ninduten. Kolpe gogorrrak izan ziren”. Ibaian sartuko zutela esan zioten, eta belauniko jartzeko agindu zioten. Jotzen jarraitu zuten, eta burua uretan sartu zioten, ia arnasa hartzerik ez zuela utzi arte. Hainbat aldiz egi zioten hori.
Arrasaten bertan jipoi hori jaso zuela salatu du Portuk, eta handik Guardia Zibilaren Donostiako Intxaurrondo auzoko egoitzara eraman zutela. Han behin eta berriz jo zutela agertu du, batik bat, bularraldean eta saihets inguruan, eta zutik egotera eta flexioak egitera behartu zutela. Une batean gorputza manta batzuekin batu ziotela erantsi du, kolpeak ematen jarraitzeko.
Medikurik ez zuela eskatu zehaztu dio epaileari, Guardia Zibilek jarrera gogortzeko beldurra zuelako. Gertatutakoari buruzko zerbait esanez gero, "ondorio txarrak" izango zituela ohartarazi zioten.
Portu: “Burua uretan sartu zidaten, ia arnasa hartzerik ez nuela ikusi zuten arte”
Donostiako Auzitegiko epaileari tortura larriak jasan dituela agertu dio igandean Guardia Zibilak atxilotu zuen gazte lesakarrak. Testigantza hori publiko egin du TAT Torturaren Aurkako Taldeak. Atxiloketa uneari buruz agertu duena, bat dator lekuko izan zen herritar batek Bergarako Epaitegian deklaratutakoarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu