Joan den astelehenean Barakaldon (Bizkaia) tiroz gazte bat hil eta haren bikotekidea larri zauritu zuten Portugaleteko (Bizkaia) lau udaltzainek giza hilketa delitua egin ote zuten ikertzen ari da Ertzaintza, hark jakinarazi duenez. Bi gazteen aurkako jazarpen batean egin zituzten tiroak, Regaton. Ertzaintzak lehen atestatua igorri du Barakaldoko Auzitegira, eta epaileak erabakiko du udaltzainen kontrako auzibidea zabaldu ala ez. Laurak lanpostutik kanpo utzi dituzte oraingoz, eta armak kendu dizkiete, ikerketarako azter ditzaten.
Udaltzainek deklaratu dute bi gazteak haiek harrapatzen saiatu zirela lapurtutako Opel Vectra autoarekin, eta orduan egin zietela tiro. Emakumezkoa —35 urte— gidariaren alboko aulkian zihoan, eta buruan tiro bat jaso zuen. Berehala zendu zen. Haren mutil lagunak —37 urte— ere buruan tiro bat jaso zuen, eta beste bat besaurre batean. Ebakuntza egin zioten Barakaldon, Gurutzetako erietxean, eta bala atera zioten burutik. Ospitalean jarraitzen du, larri.
Ustez, bi gazteek igande arratsaldean lapurtu zuten autoa, Barakaldon, Cirilo Sagastagoitia kalean. Jabeak giltzak autoan utzi zituela baliatu zuten. Portugaleteko Udaltzaingoak astelehen arratsaldean atzeman zuen ibilgailua, biak barruan zirela. Gelditzeko agindua eman zieten, Karlos VII etorbidean, baina ez zuten jaramonik egin, betiere iturri ofizialen arabera, eta orduan hasi zen jazarpena, Barakaldoraino. Aterabiderik gabeko gune bat da Regato, eta gazteak autoarekin handik ihes egiten saiatu ziren, norabidea aldatuta. Poliziek bidea itxi zieten, eta gidaria haiek harrapatzen ahalegindu zen. Bi udaltzainek egin zuten tiro. Ertzaintzak hogei bala zorro aurkitu zituen han.