Osakidetzak eta Osasunbideak eman dituzten azken datuen arabera, hego Euskal Herrian 634 positibo atzeman zituzten atzo, hau da, ostiralean baino 298 gutxiago.
Denera, 11.676 PCR proba egin zituzten lau herrialdeotan. Kontuan hartu behar da aurreko egunean 12.746 proba egin zituztela (932 positibo). Araban Bizkaian eta Gipuzkoan, aztertutakoen %4,7k eman zuten positibo, eta Nafarroan, %8,06k. Nafarroan, Iruñerrian daude kutsatu gehienak (%57); Tutera aldean %14 dira, eta Lizarra inguruan, %6.
Beraz, datu ofizialen arabera, beste 227 kutsatu atzeman dituzte Bizkaian (aurreko egunean baino 39 gutxiago), 68 Araban (30 gutxiago), 149 Gipuzkoan (80 gutxiago), eta 187 Nafarroan (147 gutxiago).
Datuok badute ifrentzua: Nafarroan kutsaturiko bi emakume hil ziren larunbatean, 90 urtekoa bata eta 92 urtekoa bestea. Erietxeetan pertsona gutxiago sartu badira ere (35 larunbatean), lau pertsona gehiago daude egun zainketa intentsiboetako unitateetan: 80.