Baimena zuten zundaketak eten ditu, inguruko herrietan sortutako aurkakotasuna ikusirik, baina zundaketa gehiago lortzeko baimen eske jarraitzen du Geocali enpresak Nafarroan. Potasa meatze bat egiteko asmoa du Erreniega inguruan, eta beste hamahiru herritan zundaketak egiteko baimena eskatu dio Iruñeko gobernuari. Potasarik baden jakin nahi du, gero meategia egin ahal izateko. Nafarroako Gobernuak onartu egin du eskari hori tramiterako, eta informazio publikora atera du. Hilabeteko epea jarri dute kontrako alegazioak aurkezteko.
Ekainean izan zuten proiektuaren berri Undioko kontzejuan eta inguruko herrietan. Lehen ere baziren meategiak inguru horretan. Undiokoa, esate baterako, orain hogei bat urte itxi zuten. Herritarrek ondo gogoan dute meategi hura, eta protestan hasita daude, herrian beste bat zabal ez dezaten.
Zazpi herritan zundaketak egiteko baimena emana dio gobernuak enpresari. Honako herri hauetan: Arlegin, Biurrunen, Gendulainen, Getzen, Subizan, Undion eta Utergan. Kontua da gobernuari bai, baina herri horietako udalei ez diela baimenik eskatu Geocalik. Enpresak uste du ez duela behar herriko etxeen baimenik, nahikoa dela Nafarroako Gobernuaren baiezkoarekin; udalek diote kontrol lanetarako baimena ematea haiei dagokiela.
Zizurren, adibidez, gorabeherak izan dituzte enpresak eta udalak. Abuztu erdialdean hasi zituzten zundaketak, baina geldiarazi egin zituen udalak, baimenik ez zutela esanez; zigilatu egin zituen makinak, baina horiek hautsi eta jarraitzea erabaki zuen enpresak.
Xabierren ikerketa gehiago
Gorabehera horren ondotik, baina, zundaketak geratzea erabaki zuen Geocalik. Baimen gehiago lortzeko bidearekin jarraitu du, hala ere. Nafarroako aldizkari ofizialak atzo argitaratu zuen beste 146 meatze lauki arakatzeko baimen eskaria. Baimena emateko bidea abiatu du Industria Departamentuak: tramiterako onartu du eskaria. Alegazioak jaso eta gero hartuko du azken erabakia.
Beste hamahiru herri harrapatuko lituzkete oraingo zundaketek: Adios, Beraskoain, Biurrun-Olkotz, Eneritz, Gares, Legarda, Muruzabal, Obanos, Tebas-Muru Artederreta, Ukar, Uterga, Zabaltza eta Zizur. Erreniega aldean bakarrik ez, Xabier inguruan ere ari da azterketak egiten Geocali. Enpresaren ustetan, potasa hobi «zabal bat» dago eremu horretan, «sakonera gutxira». Zerbait topatzeko asmoz, urte bukaerara arte segituko dute zundaketak egiten.
Enpresaren asmoekin ez dira fio udalak. Undioko kontzejuak salatu du, adibidez, enpresak golf zelaiak eta horrelako azpiegiturak eskaini dizkiola trabarik ez jartzearen truke. Geocalik, nolanahi ere, kontzejuko arduradunei agindu zien herritarrak aurka badaude ez dutela egingo meatzerik. Nafarroako Gobernuari dei egin diote udalek, ez dezan eman baimenik. Herritarrek aurkako iritzirik ez dutela agertu esanez erantzun dio dei horri gobernuak.
Potasa ateratzeko zundaketak egiten segitzeko baimena eskatu du Geocalik
Erreniegan meategi bat jarri asmo du enpresak; zazpi herritako lizentzia lortuta, beste hamahiru aztertu nahi ditu orain

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu