Urtebetez elkar ikusi gabekoak berriz ere ikustea. Horixe egin dute gaur goizean Larrondoko frontoi atarian (Loiu, Bizkaia). 08:00etan heldu da ume sahararrak zekartzan hegazkina, baina, aireportuko tramiteak direla eta, ordubete berandu iritsi dira Larrondo frontoira. Kanpoaldean, harrera elkarte eta familiak zain. Iritsi ahala, banan-banan sartu dira frontoira, zintzo-zintzo. Familiak eta elkarteetako kideak beren etxean hartu izan dituzte haurrak, eta haien bila sartu dira; behin topatutakoan, agur eta irribarre txikiak, baita «zenbat handitu zaren» iruzkinak ere. Barruan, hamaiketakoa emateaz gain, helmugaren arabera taldekatu dituzte. Tramite gogaikarria izan daitekeena, ordea, musu eta besarkada festa bihurtu da. Azkenik, gutxinaka atera dira, orain bai, bere harrera familiarekin eta elkarteekin. Ia hilabete eta erdi pasatuko dute elkarrekin. Guztira, 213 ume etorri dira. Haietako gehienak (156) harrera familietara joango dira, eta gainontzekoak, 57 haur, aterpetxeetara. Aterpetxeen artean, Bizkaian hiru izango dira — Izurtza, Zaldibar eta Larrabetzu—. eta Gipuzkoan bakarra, Zerainen.
Oporrak Bakean programak urtarrilean hasi zuen aurtengo kanpaina, Esperantzari leiho bat izenarekin, eta hori ekarri du aurten. Programa hori 1990eko hamarkadan sortu zen, Saharako haurrak Tindufeko (Aljeria) kanpalekuetatik atera eta uda Euskal Herrian igarotzeko aukera emateko. Abuztuaren bukaerara arte egongo dira umeak. Beharrezkoak dituzten osasun probak egingo dizkiete denbora horretan, eta elikadura hobetzeko ere baliatuko dute. Gainera, bizi diren desertutik urrunduko dituzte, 50 graduko beroa izaten baitute han. Horrekin guztiarekin, haien osasuna indartu nahiko lukete. Horretaz gain, umeak hartzeak badu haientzat funtzio politiko nabarmenik; izan ere, modu horretan, Europako Batasunak hartutako erabakiak hartuta ere, agerian geratzen da saharar herriaren gatazka politikoa eta euren etorkizunaren jabe izateko dituzten oztopo guztiak. Garazi Etxebarria Hamadako Izarrak elkarteko kidearen esanetan, «Oporrak Bakean ez litzateke existituko arazo politiko bat ez balego», eta «ez litzateke haiek handik ateratzeko beharrik egongo». Elkarte horrek hamar haur hartuko ditu aurten, Zaldibarko aterpetxean. Dagoeneko urte batzuk daramatzate umeak hartzen, eta aipatu du bigarren familia bat bezalakoa dela. Hori esan bitartean, atzetik hurbildu zaio 9 urteko neska bat, atentzio eta besarkada eske. Etortzeko gogoa zuela onartu du txikiak, galdera hainbat aldiz errepikatu ostean. «Orain ez du ulertuko, euskara ahaztua izango baitu urtebete ostean», azaldu du Etxebarriak. Hala ere, udatik gustukoen zer duen galdetuta, hezitzaileen izenak aipatzen hasi da, ahapeka, hezitzailearen ondo-ondoan jarraitzen zuela.
«Oporrak Bakean ez litzateke existituko arazo politiko bat ez balego»
GARAZI ETXEBARRIAHamadako izarrak elkarteko kidea
Aterpetxeetara ez ezik, haurretako asko harrera familietara joango dira. «Aukera daukagulako, eta aukera emateko hartzen ditugu», erantzun du Esti Azkuek. Mutrikuko (Gipuzkoa) harrera familia batekoa da bera. «Arrazoi politikoak ere badaude, noski», jarraitu du. Gainera, ohikoa izaten da harrera familien etxean ere umeak izatea: «Guk bi ditugu etxean». Onartu du hasieran haien eta sahararren artean «kultura talka» nabarmena izaten dela, hizkuntzatik hasita. Etxean ez ezik, azpimarratu du herrian ere igartzen dela etorri berrien poza eta presentzia. Azkenik, nabarmendu du garrantzitsua iruditzen zaiola ere etxeko haurrek saharar umeen dibertitzeko erak ezagutzea; teknologia berrien faltan, naturalagoak ei dira eta. Gainera, balio berriak ikasteko aukera izan daiteke harremanetan jartzea; «gureek gehiegi daukate, eta haiek gehiegi dute faltan».
Proiektu berriak
Familia eta elkarte gehienek urteak eman badituzte ere kanpainan parte hartzen, proiektu berriak ere loratu dira aurten. Hala da Mutjama aterpetxea, Zerainen. Lehenengo aldiz hartuko dituzte ume sahararrak. Hamabi hartuko dituzte. Maria Rodriguez Mutjama aterpetxeko kideak esan du pandemiaz geroztik harrera familiak gutxitu direla. Hori dela eta, proiektua sortu dute, Goierrin elkartasuna pizteko asmoz. Eskerrak eman dizkie laguntza eman dieten herritarrei eta elkarteei, haien laguntza gabe zailagoa litzateke eta.