«Haizerik sartzen ez den euskararen etxean leihoak irekitzeko proposamena» ekarri du Bilduk Nafarroako Parlamentura. Leihoak ireki bai, baina berehala ixteko. Bilduk proposatu du Euskararen lege polemikoaren artikulu bat moldatzea eta komunikabide publikoetan zein pribatuetan euskararen presentzia sustatzeko plangintza eta, batez ere, baliabide ekonomikoak ziurtatzea. PSNren abstentzioa lagun, UPNk eta PPk proposamena atzera bota dute. Eztabaidan, PPko Amaia Zarranzek argudiatu du krisi garaiotan ez duela merezi euskal komunikabideak laguntzea, «audientziarik ez dutelako»: «Euskara gutxi ikasi, eta apenas erabiltzen den», gaineratu du.
Ez da berehalako erantzuna izan, etxetik ekarri baitu idatzita Zarranzek. Hasi eta berehala bere asmoen berri eman du. «Krisiaren erdian» proposamen hori ekartzea «txundigarria» dela deritzo. Zentzugabekeriatzat jo du komunikabideetan euskara sustatu nahi izatea. «Nafarroan enpresa pribatuak dira, eta eurek erabakitzen dute zer den komenigarriena errentagarri izateko. Ez badute euskara gehiago erabiltzen, izango da irakurle eta entzuleak galtzeko arriskua dutelako. Administrazioak ez du zertan horretan sartu», esan du: «Garrantzitsuagoa da krisian diren komunikabideak laguntzea, euskara sustatzea baino».
Aurretik, Bilduko Aitziber Sarasolak gogora ekarri du aurtengo aurrekontuak, «krisiaren aitzakia baliatuta», euro bakar ere bat ez duela baliatu euskarazko komunikabideak laguntzeko, «neurriaren eragina aintzat hartu gabe». Izan ere, larria izan da eragina. «Orain esku artean duguna komunikabideen heriotza aktak dira», ohartarazi du.
PSNk ez du babestu. Roman Felonesen ustez, Bilduren proposamena ez da konponbidea, «arazoa ez baita legea, gobernuak egin duen garapena baizik».
Iribasen erantzuna
Europako Batzordeak Hizkuntza Gutxituen Itunaren jarraipen txostena argitaratu berri du, eta esan du, besteak beste, «gutxienez», euskara hutsezko irrati batek eta telebista batek jardun behar dutela Nafarroan. Hori betetzeko zer pauso emango dituen galdetu dio Aitziber Sarasolak Jose Iribasi. Hezkuntza kontseilariaren ustez, txostenak bere ondorio nagusietan jasotzen du euskararen arloan aurrerapauso handiak eman direla Nafarroan, eta administrazioan euskararen erabileran aldaketa baikorrak eman direla. Txostena ez dutenez gaztelera itzuli ezin duela azterketa zorrotzik egin gaineratu du.
«Komeni zaizuna soilik aztertu duzu», ihardetsi du Sarasolak, eta gogorarazi du hirugarren aldia dela Bruselak belarritik tira egiten diola gobernuari. Txostenak Euskalerria irratiarekiko jarrera baikorragoa izatea ere eskatu diola gogorarazi dio. «Utzi euskararen etxea airatzen», gomendatu dio azkenik Sarasolak. Eta Iribasek erantzun: «Ez zaitez hoztu, eta ez gaitzazu kutsatu».
PP: «Euskara gutxi ikasi, eta apenas erabiltzen den»
Euskara sustatzeko asmoz hedabideei diru laguntzak ziurtatzeko proposamena atzera bota dute UPN eta PPk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu