Federico Trillo PPko Justiziako koordinatzaileak Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari (CGPJ) eskatu diola Antton Troitiño preso ohiaren askatasuna dela-eta azter ditzala "Auzitegi Nazionaleko kontraesanak" eta, errudunak baleude, horiek kargutik kentzeko. "CGPJ behartuta dago ikerketa egitera", esan du gaur Trillok.
Auzitegi Nazionalak Troitiño aurkitu eta espetxeratzeko agindua eman zuen asteartean, joan den astean aske uzteko hartutako erabakian atzera eginda. Behin-behineko espetxealdia eta 24 urteko zigorra bete ostean, apirilaren 13an irten zen kartzelatik Troitiño, Auzitegi Nazionalak, Konstituzionalaren irizpideei jarraituz, euskal presoak behin-behinean espetxean egindako urteak gehienezko kondenari kenduta libre geratu behar zuela iritzita.
PPko diputatuak Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako lehen presidenteorde eta Barne ministroari leporatu dio Poliziak ez duela egun hauetan Troitiño zaindu, "eta bazeuden arrazoiak, Fiskaltzak auzitegiaren erabakiari helegitea jarri ziolako".