PPk eta PSE-EEk berriz ere EAEko erakundeetarako "akordio globala" egiteko proposatu diote EAJri, eta epe bat jarri diote: ekainaren 11. Izan ere, orduan eratuko dituzte udalak —batzar nagusiak, geroago—. Hala esan dute gaur Gasteizen Iñaki Oiarzabal EAEko PPko idazkari nagusiak eta Rodoldo Ares PSEko Politika idazkaria eta Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak, jeltzaleekin bilera egin ondoren. Xedea: Bilduk ez agintzea.
EAJk berak eskatutako batzarrak izan dira, maiatzaren 22ko emaitzak-eta baloratzeko. Bakoitzarekin aparte bildu da. Haren partetik Belen Greaves EBBko idazkaria, Joseba Aurrekoetxea EBBko kidea, Iñaki Gerenabarrena ABBko presidentea, Andoni Ortuzar BBBkoa eta Joseba Egibar GBBkoa izan dira. PPtik Oiarzabal bera, Laura Garrido eusko legebiltzarkidea, Anton Danborenea Bizkaizko PPko burua, Alfonso Alonso Arabakoa eta Borja Semper Gipuzkoakoa. PSEtik Ares, Txarli Prieto Arabako PSEko idazkari nagusia, Jose Antonio Pastor Bizkaikoa eta Iñaki Arriola Gipuzkoakoa. Datorren astean berriro elkartuko dira EAJrekin, PPren iturriek diotenez.
Oiarzabalek uste du hitzarmena egiteko ateak ez daudela itxita, baina EAJri "gauza asko argitzeko" dei egin dio. Bilduk bozetan lortutako emaitzen aurrean "erantzukizunez eta zentzuz" jokatu behar dela esan du PPk, erakundeetan "egonkortasuna" lortze aldera. Hala, prest dago kasuan-kasuan bere botoak emateko EAJri edo PSEri.
Eskaintza: Gipuzkoan EAJ, Donostian, Andoainen eta Errenterian PSE
Aresek adierazi du EAJ ez duela itxita ikusi. Haren arabera, PSEk Markel Olano jeltzalea babestuko luke Gipuzkoako Batzar Nagusietan, baina EAJri Donostiako, Andoaingo eta Errenteriko udaletan hautagai sozialistaren alde bozkatzeko eskatu dio. Lau erakunde horietan Bildu izan da lehen indarra.
Alderdi jeltzaleak Aralarrekin eta EBrekin ere egin du batzarra, bakoitzarekin aparte, Eusko Legebiltzarrean.
PP eta PSE ere batuko dira egunotan; datorren asteartean, hain segur.