PPk ez du nahi Zerainen akats batek emandako zinegotzia

Zerainen elkarretaratzea egin zuten. BERRIA.
2011ko ekainaren 22a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Maiatzaren 22ko hauteskundeetan, Zeraingo Herri Kandidaturak (ZHK) lortu zuen alkatetza Gipuzkoako herri txiki horretan. 250 biztanle inguru ditu Zerainek, eta ZHK-k 108 boto eskuratu zituenez, lau zinegotzi lortu zituen. Hala ere, aktak betetzeko orduan egindako akats baten ondorioz, PPk zinegotzi bat lortu zuen, berez alderdi honek boto bakarra jaso zuen arren. ZHK plataforma independenteak errekurtsoa aurkeztu zuen, baina Auzitegi Gorenak atzera bota du, prozeduran egindako akats bat dela medio. Errekurtsoan, PPk ere dokumentu bat idatzi zuen, ZHKri bost zinegotzi ematearekin ados zeudela esanez. Dena den, Borja Senper Gipuzkoako PPko presidenteak argi azaldu du ez dutela nahi berez ez dagokien zinegotzirik. Era berean, azpimarratu du bere alderdiak ez duela «inolako erantzukizunik» gertatutakoarekin. Orain Jose Manuel Oria Zeraingo alkatearekin harremanetan daude, «herritarrentzat onena den erabakia hartzeko». Errekurtsoarengatik udalaren eraketa uztailaren 2ra atzeratu zen, eta errekurtsoa onartu ez arren, orduan osatuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.