Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. PP

PPk galarazi egin nahi du Masek eta Urkulluk «Espainia desegitea»

EAJk eta CIUk ei duten «independentzia akordioa» hautsi nahi du Antonio Basagoiti PPko lehendakarigaiak

PPren bilkura handia, Guardian, atzo. Besteak beste, Antonio Basagoiti eta Arias Cañete ministroa. RAUL BOGAJO / ARP.
xabier martin
2012ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Eusko Alderdi Jeltzalearen eta Convergencia i Unioren «independentzia akordio» baten berri eman zuen atzo Antonio Basagoiti PPko lehendakarigaiak. Iñigo Urkulluk eta Artur Masek «Espainia desegitea» adostu bide dute, eta akordio hori «hausteko» eskatu zuen botoa Guardian —PPk gobernatzen du Arabako Errioxako herri horretan—.

EAJ eta alderdi horren «independentzia prozesua» izan zituen hizpide, batik bat, Basagoitik. «Zentzugabekeria bat da proiektu hori; familiei arazo gehiago ekarriko die, eta kolpe batez euskaldunen prestigioa, ekonomia, elkarbizitza eta lasaitasuna deuseztuko ditu».

Independentziak ekarriko lukeen lazeria azaldu zuen xehetasunez PPko lehendakarigaiak. «Euskal enpresek behar duten konfiantzarentzat, aizkorakada bat da independentzia, euskaldun zintzoak gutxiestea». Mas eta Urkullu lotu zituen berriro, ustezko konplot batean. «Espainiako Konstituzioari elkarrekin eraso egiteko prestatzen ari dira». Mariano Raxoiren alderdia da «Espainia desegin nahi duen akordio hori hausteko gai den bakarra», Basagoitiren ustez. Herritarrak «Mas eta Urkulluren zuloan» eror ez daitezen» eskatu zuen botoa PPrentzat. «Euskaldunen gehiengoak ez du independentzia nahi, lasaitasuna baizik».

Madrilgo ordezkaritza

Espainiako erakundeetako hainbat ordezkari eta alderdikide izan zituen alboan Basagoitik Guardian. Han ziren Ingurumen ministro Miguel Arias Cañete, Alfonso Alonso Gasteizko alkate ohi eta PPko bozeramailea Madrilgo legebiltzarrean, baita Ramon Rabanera Arabako ahaldun nagusi ohi eta egungo senataria ere.

«PP da alderdi nazional bakarra hemen», esan zuen ministro espainiarrak, PSE-EEri erreparatuz. Gaineratu zuen «galga» jar diezaieketela EAJren «nora ezari» eta independentziari. «Oinarrizko balioen garaia da, Espainiaren batasunaren garaia, elkarbizitza eta elkartasunarena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.