PPk ohartarazi dio EH Bilduri «duintasun tsunami bat» datorrela koalizioa «ezerezaren bazterrera» eramateko

EAEko urte politikoaren hasieran, PPkoen artean Miguel Tellado idazkari nagusia nabarmendu da: EAJri esan dio «euskal erako sanchismoa» dela, eta bere egin duela «woke doktrina»

PPko idazkari nagusi Miguel Tellado. ZIPI / EFE
PPko idazkari nagusi Miguel Tellado. ZIPI / EFE
xabier martin
2025eko abuztuaren 27a
13:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

EAEko PPren urte politikoaren hasieran, PPko idazkari nagusi Miguel Tellado, Madrilgo agertokia utzi, eta Euskal Herrira etorri da gaur, Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezen aurkako gurutzadarekin jarraitzeko. Espainiako politikagintza eta, zehazki, suteen auzia hizpide izateaz gain, alderdi abertzaleei begira jarri da. Batetik, mehatxu argi bat egiteko EH Bilduri, eta, bestetik, irain eta akusazio larrien bidez, PPren eta EAJren arteko arrakala are gehiago zabaltzeko.

Koalizio abertzaleari ohartarazi dio Espainiara datorrena ez dela olatu erreakzionario bat, EH Bilduko idazkari nagusi Arnaldo Otegik eta ERCko presidente Oriol Junquerasek asteon Donostian izandako bileraren ostean ziurtatu duten moduan. Telladoren hitzetan, datorrena «tsunami bat» da, eta indar horrek «ezerezaren bazterrera» bidaliko ei ditu EH Bildu eta ERC: «Tsunami demokratiko bat dator, duintasun tsunami bat, eta Espainiaren lema itzuliko dio eduki behar duenari; eta estatu sena duen alderdi horrek ezerez politikoaren bazterrera eramango ditu Bildukoak, Esquerrakoak eta halako alderdietakoak, Espainia ahuldu baino nahi ez dutenak». Horren beldur dira Otegi eta Junqueras, PPko eledunaren arabera, eta PPren alternatiba «lurralde nazional osoan zabaltzera» deitu du.

«EAJ isilik egon da festetan hiltzaileei egin zaizkien omenaldien aurrean»

MIGUEL TELLADO PPko idazkari nagusia

EAJri dagokionez, Telladok ziurtatu du jeltzaleek helburu bakarra dutela: «Euskadin botereari eustea» eta Sanchezek ez ditzala «EH Bildurekin ordezkatu». Erantsi du jeltzaleak «euskal erako sanchismoa» direla eta «Espainiako gobernu ustelenaren bazkide». Lehendik ere EAJren eta PPren arteko arrakala zabala zen, eta, orain, Telladok bien arteko tartea are gehiago zabaldu du.

Isilik, «hiltzaileen omenaldien aurrean»

Donostian, EAEko PPko presidente Javier de Andres eta Gipuzkoako buru Muriel Larrea alboan zituela, Telladok jeltzaleen aurkako akusazio larriekin jarraitu du: «EAJ ezin da Euskadin eskuin-zentroaren gidari izan eta, aldi berean, muturreko ezkerreko gobernu baten erreskatera joan». Haren ustez, Aitor Esteban presidente duen alderdiak bere egin du «woke doktrina», eta, horrez gain, «isilik» egon da «festetan hiltzaileei egin zaizkien omenaldien aurrean».

De Andresek hitza hartu duenean ez du apaldu EAJren aurkako oldarraldi hori. Haren hitzetan, «EH Bildu buru duen ezkerreko ildoa erosi» du EAJk, baita Irene Montero Podemoseko gidariaren «agenda sozial osoa» ere. Erantsi du EAJk ontzat jo duela «Sanchezen klientelismo sarea» eta baita Maria Jesus Montero Ogasun ministroaren politika fiskala ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.