PPk «terrorismoaren biktimak» omendu nahi ditu, ez «bestelakoak»

Memoriaren Eguneko ekitaldiaren izaera aldatu ezean, ez da joango.UPDk ez du parte hartuko

Jose Maria Lidon zenaren semeak haren lankide izandakoak agurtzen, atzo Bilbon egindako omenaldian. LUIS TEJIDO / EFE.
Hodei Iruretagoiena.
2015eko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Iaz bezala, EAEko PPk ez du parte hartuko Eusko Legebiltzarrak antolatutako Memoriaren Egunean, ekitaldiaren izaera aldatzen ez bada. Soilik «terrorismoaren biktimak» omentzea nahi dute, Nerea Llanos idazkari nagusiak azaldu duenez: «Eusko Jaurlaritzak distortsioa eragin du terrorismoaren biktimen zerrendan, terrorismoaz bestelako arrazoiengatik giza eskubideen urraketen biktima izan zirenak erantsita». UPDk berretsi du ez dutela parte hartuko, Gorka Maneiro legebiltzarkidearen esanetan, Memoriaren Egunaren «hasierako helburuari nortasuna» kendu diotelako, «tesi nazionalisten alde eginez».

Bilbon egin zuen agerraldia Llanosek, atzo, bere alderdiaren jarreraren berri emateko. «Biktimak eta borreroak batera» omentzea egotzi die ekitaldiarekin bat egin dutenei; hau da, EAJri, EH Bilduri eta PSE-EEri. «Terrorismoaren biktimak gogoratzeak esan nahi du terroristen ardura seinalatzea». Ez du guztiz baztertu, hala ere, astearteko bilkuran egoteko aukera. «Badago denbora asteartera arte Memoriaren Egunari behar duen izaera itzultzeko». Ez dirudi, ordea, hiru egunetan egoera aldatuko denik.

Gogor kritikatu du Llanosek Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritzaren jarrera ere. «Arduragabekeriaz» jokatu eta ezker abertzalearen posizioen alde egitea egotzi dio, «ETAren terrorismoa justifikatu eta babestu zutenak salbatzea». «Biktimak eta borreroak» nahastea leporatu dio Eusko Jaurlaritzari ere, «azken hilabeteetan egiten ari dena» aipatuta. Udal Erretratuen Mapa aurkeztu zuen irailean Eusko Jaurlaritzak, bizitza eskubidearen urraketak jasota. EH Bilduk kritikatu zuen «hutsune larriak» zituela txostenak.

PPren antzerako akusazioa egin die UPDk, hala ere, EAJ eta PSE-EEri. «ETAren biktimak beste biktima batzuekin nahastuz, gatazka politikoaren teoria sustatzen» ari direla ohartarazi die Maneirok. EH Bilduri, berriz, «hipokresiaz» aritzea leporatu dio, eta ETA gaitzesteko eskatu.

Lidon eta Zabalza

Memoriaren Egunaren «hasierako helburua» ekarri du gogora UPDk ere, «terrorismoaren biktimak omendu eta terrorismoari zilegitasuna kentzeko» egin zela azalduz. PSE-EEren gobernuak izendatu zuen azaroaren 10a Memoriaren Egun, 2010ean. ETA, GAL, Batallon Vasco Español taldeen biktimak omendu zituzten orduan. Ez, ordea, estatu indarkeriaren beste biktima batzuk, Poliziarenak, esaterako. Horregatik, EAk, Aralarrek, ezker abertzaleak eta Alternatibak ez zuten parte hartu ekitaldian. Geroztik, urterik urte izan dira desadostasunak izan dira alderdien artean.

«Indarkeria terroristaren memoria» aldarrikatu zuen atzo Juan Luis Ibarra TSJPV EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteak ere, ETAk hildako Jose Maria Lidon epailearen omenaldian. Hamalaugarren urteurrenean, Bilbon izan ziren, besteak beste, senideak eta Eusko Jaurlaritzaren eledun Josu Erkoreka.

Bestetik, Mikel Zabalza herri ekimenak haren aldeko mozioa erregistratu zuen atzo Donostiako Udalean, EAJren, EH Bilduren eta Irabaziren babesarekin. Zabalza 1985ean atxilotu zuen Guardia Zibilak eta haren gorputza hogei egun ondoren agertu zen, tortura zantzuekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.