Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

Pradales beldur da sozialistek iritzia aldatuko ote duten bozen osteko itunen aferan

Lehendakarigai jeltzaleak uste du Pedro Sanchezek izan dezakeela «'iruñekeria' bat egiteko tentazioa». Ekonomia digitala eta datuen industria «industria politikaren indargunetzat» jo ditu Pradalesek.

Pradales, beste zenbait hautagai jeltzalek lagunduta, Ibarmia enpresak Azkoitian duen egoitzan. BERRIA
Pradales, beste zenbait hautagai jeltzalek lagunduta, Ibarmia enpresak Azkoitian duen egoitzan. BERRIA
gotzon hermosilla
2024ko apirilaren 5a
17:15
Entzun

Hauteskundeen ostean alderdiek egin ditzaketen gobernu akordioak eta, bereziki, EH Bildurekin gobernu ituna egiteko aukera hizpide izaten ari da kanpainan. PSE-EEren lehendakarigai Eneko Anduezak argi adierazi du EH Bildurekin ez duela gobernu akordiorik egingo, eta PSOEko idazkari nagusi eta Espainiako gobernuburu Pedro Sanchez ere EAJren eta PSE-EEren arteko ituna berriro egitearen alde agertu da; baina jeltzaleak ez dira fio, eta Onda Vasca irratian egindako elkarrizketa batean, EAJren lehendakarigai Imanol Pradalesek esan du «kezkatuta» dagoela «Sanchezen iritzi aldaketak» direla eta.

«Sanchezek izan dezake iruñekeria bat egiteko tentazioa», azaldu du Pradalesek. Iruñean, udal hauteskundeen ostean, PSNk uko egin zion ezkerreko indarren arteko akordioa egiteari, eta, horrela, bide eman zion UPNko Cristina Ibarrolari alkatetza eskuratzeko. Baina hilabete batzuk geroago iritzia aldatu, eta sozialistek akordioa hitzartu zuten EH Bildurekin, Ibarrolaren aurkako zentsura mozioa aurkeztu eta Joseba Asiron Iruñeko alkate egiteko. Pradalesek uste du iruñekeria hori Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere gerta daitekeela.

Hautagai jeltzalearen ustez, «tentazio hori uxatzeko» modua da EAJ hauteskundeetan aise gailentzea: «EAJk garaipen argia lortuko balu, biderik onena litzateke Sanchezek edo PSE-EEk iruñekeria bat egiteko tentazioa ez izateko».

Etorkizuneko industria

Mendaron eta Azkoitian (Gipuzkoa) egon da Pradales, eta BRTA Basque Research and Technology Alliance elkartearen egoitza eta Ibarmia enpresa bisitatu ditu. Hautagai jeltzaleak aukera baliatu du industria politikaz berba egiteko: hitzeman du «Euskadi etorkizuneko industriara eramango duen trenera» igoaraziko duela, eta industria sustatzeko proposamenak aletu ditu.

Ekonomia digital berria eta datuen industria jo ditu Pradalesek etorkizuneko industria politikaren ardatz nagusitzat, «kalitatezko enpleguak sortzeko eta diru sarrerak bermatzeko, etorkizunera begira osasuna, hezkuntza eta gainerako politika publikoak ziurtatuko dituztenak». Arlo horretan inbertsio berriak erakartzearen garrantzia nabarmendu du, eta esan du Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak «gaitasun handia» dutela horretarako.

Industriako azpiegiturak garatzeko inbertsio funtsa sortzea proposatu du. Hautagai jeltzaleak helburutzat ezarri du B+G+I sektorerako inbertsioak gutxienez %6 igotzea, 1.250.000 metro koadro gordetzea industriarako guneak eta eraikinak egiteko, eta Robotekin robotika eta automatizazio gunea bultzatzea.   

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.