Europaren Egunaren harira adierazpenak egin dituzte erakunde nagusienetako ordezkariek eta alderdi politiko nagusiek. Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Maria Txibite Nafarroako Gonernukoak bakearen eta dibertsitatearen aldeko mezu bana igorri dute, nork bere ñabardurekin.
«Ekiteko ordua da Europan, eta elkarrekin ekin behar dugu, interes orokorra lehenetsita», adierazi du Pradalesek, sare sozialetan zabaldutako mezu batean. Europaren Egunaren harira, EB Europako Batasun federal baten aldeko aldarria egin du lehendakariak, herri gisa hazteko bidea hori delakoan: «Euskadirentzat Europa beti izan da kanpamentu nagusia». Uste du norabide horretan urratsak egiteari ekin ezean arriskua dagoela EB unean uneko «botere hegemonikoen kolonia» bihurtzeko.
Schuman adierazpenaren 75. urteurrena erabili du Pradalesek EBren etorkizunari buruzko bere gogoetari heltzeko. Frantziako Atzerri ministro Robert Schumanek 1950ean eginiko adierazpen hura egungo Europako Batasunaren sorreratzat jo ohi da, eta hitzez hitz errepikatu du haren lehen esaldia: «Munduko bakea babestuko bada, mehatxatzen duten arriskuen araberako ahalegin sortzaileak egin beharko dira».
Lehendakariaren esanetan, iraganean bezala gaur egun ere, EBren helburu nagusietako bat «bakea ziurtatzea» da, haren oinarri direlakoan «demokrazia, giza eskubideak eta justizia soziala». Hain zuzen, oinarri horiek babestu behar direla argudiatu du, eta, gaur egungo egoerari erreparatuz, gehitu du EBko proiektuari barrutik zein kanpotik erasotzen diotenei aurre egitea dela lehen urratsa. Zehazki, «korronte estremista, autoritario eta liberalei» egin die aipamena, esanez «irmo» erantzun behar zaiela. «Arazo konplexuei irtenbide magikoak eskaintzen dizkieten diskurtso populistei aurre egin behar diegu», zehaztu du.
Izan ere, lehendakariak adierazi du egungo jokaleku globalean arriskuan dagoela EBren biziraupena bera, eta horrek proiektua birpentsatu beharra azaleratu duela. «Globalizazioa aldatu egin da, eta ez da duela bi hamarkadako globalizazio ireki hura», adierazi du, eta argudiatu multilateralismoaren ordez «eragile neoinperialista berriak» agertu direla: «Une historikoaz jabetu behar dugu».
Bide horretan, Europako Batasunak eman beharko lituzkeen pausoei erreparatu die. Arlo ekonomikoaren analisia egiterakoan, batetik, adierazi du Europak «indar erlatiboa eta gaitasun teknologikoa galdu» dituela funtsezko esparruetan, eta adibide gisa jarri ditu telekomunikazioak eta adimen artifiziala. Bestetik, gogoratu du proiekzio ekonomikoa eta demografikoa ere galtzen ari dela: «Munduko ordenan pisua galtzen ari da pixkanaka».
Egoera hori ikusita, Pradalesek EBren autonomia estrategikoa bultzatu behar dela adierazi du, batez ere energia, telekomunikazio, finantza, berrikuntza eta defentsa alorretan. Adierazi duenez, hori da «askatasunaren, bakearen eta gizarte aurrerapenaren proiektua indartzeko» modua. Berrindustrializazio baten beharra ere azaldu du. Horretarako ezinbestekotzat jo du oinarrizko industria babestea, deskarbonizazioa bultzatzea eta «ekonomia berriaren potentzialak» baliatzea.
Lurralde eta gizarte kohesioak ere proiektuaren ardatz izan behar duela defendatu du: «Merkatu bakarrak gai izan behar du oparotasuna eta aukerak modu banatu eta orekatuan sortzeko: herrialdeen artean, nazioen artean, hirien artean eta baita landa eremuetan ere». Norabide horretan, elektrizitatearen, trenen eta datuen interkonexio baterako konpromisoa eskatu du.
Gobernantza arloan, berriz, sistema politikoa eta kultura demokratikoa indartu behar direla adierazi du, eta botere banaketa «bidezkoagoa eta eraginkorragoa» defendatu: «Subsidiariotasun printzipioan oinarritutako eredu federalista baterantz. Herrien Europa baterantz, behetik gora eraikitako Europa demokratiko baterantz, sorrerako balioak berreskuratuko dituen» Europa baterantz. Izan ere, Pradalesen hitzetan, «Europa indartsu baten» barruan egotea da Euskal Herriari herri gisa hazten jarraitzeko aukera emango diona.
«Eskualdeen papera indartu»
Nafarroako Gobernuak ekitaldi bat egin du propio Europaren Eguna ospatzeko. Europa dibertso bat defendatu du Txibitek, «egungo nazioarteko testuinguruan dauden mehatxuak aldenduko dituena». Adierazpena gaztelaniaz Txibitek berak irakurri du, eta euskaraz Ana Ollo Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariordeak eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak. Nafarroako Gobernuko eta alderdi nagusienetako ordezkariak egon dira ekitaldian.
«Dibertsitatea eta bakea» aipatu dituzte adierazpenean. «Faxismo eta populismoen goraldien aroan, gerra, desberdintasun sozialak eta eskubideen eta askatasunen murrizketa ekar ditzaketen mehatxuen aurrean, beharrezkoa da bi ideal horiek azpimarratzea».
Europako proiektua defendatu dute, «gorroto mezuen, gezurren eta demokrazia urratzen duten desinformazioen aurrean». Elkarrizketa, bizikidetza eta tolerantzia aldarrikatu dituzte.
Hain zuzen, hor dago «Europaren indarra», haien irudiko. Balio demokratikoak, oinarrizko giza eskubideekiko konpromisoa, zuzenbide estatuaren defentsa, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna azpimarratu dituzte ardatzean dauden balioen artean.
Halaber, «kogobernantza estrategikoa» eskatu dute: «Europako politiketan eskualdeen papera indartzea beharrezkoa da, erabakietan aintzat hartu beharko lituzkete, kogobernantza estrategiko bat kohesioan laguntzeko, eskualde bakoitzaren ezaugarriak aintzat hartuta».
Europarentzat une berezia delakoan daude, eta hargatik uste dute eskualdeek eta tokian tokiko erakundeek parte hartu behar dutela Europako erakundeetan «kohesio soziala indartzeko». Izan ere, Europak defendatzen duen gizarte ereduak ongizate komuna bilatzen duela azaldu dute, «eta eredu hori soilik berma liteke parte-hartzearekin, elkartasunarekin, sormenarekin eta gizartearen eta botere publikoaren arteko elkarlanarekin». Hargatik Nafarroako Gobernuak Europako proiektuaren dimentsioa azpimarratu nahi izan du, «gerraren zentzugabekeriaren aurrean edo demokraziaren oinarriak ezbaian jar ditzaketen beste inboluzio batzuen aurrean».
«herrien onarpenean» oinarritua
Ohar baten bidez, EAJk alderdiaren izaera «europazalea» defendatu du, eta gaur egungo «testuinguru bereziki nahasiari» erreparatu dio: «Mundua aldatzen ari da; egoera politiko eta ekonomiko larria bizi dugu, botere oreka eta bloke berriekin, dagoeneko Europako demokrazien berezko aliatutzat jo ezin daitezkeenak». Egoera horretan, «Europaren lidergoa» beharrezkoa dela defendatu du, eta «erreakzionatzera» deitu: «Etorkizun oparo eta baketsu baten aldeko apustua egiten baitugu, Europa batuagoa, inklusiboagoa, bidezkoagoa eta hurrengo belaunaldientzat hobea izan dadin».
Jeltzaleen ustez, estatuak ez dira nahiko gaur egungo erronkei erantzuteko. Hala, «balio demokratikoetan eta herrien onarpenean» oinarritutako Europa bat defendatu dute: «Gure etorkizun politikoa, ekonomikoa eta gure ongizate estatua esparru berri hori eraikitzeko eta etorkizuneko Europa horretan nazio gisa gure lekua aurkitzeko egin dezakegun ekarpenaren araberakoa izango da». Horretarako, Argitasun Zuzentarau bat onartzea ere nahiko luke EAJk, iraganean Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiak Bruselan defendatu moduan.Pernando Barrena EH Bilduko eurodiputatuak ere «herrien Europa» defendatu du. «Europaren Etorkizunaren inguruko Konferentzian nabarmen geratu zen autodeterminazio eskubidearen ariketa eskubide funtsezkoa dela estaturik gabeko nazioentzat, eta egun herritarrek duten kezka garrantzitsua dela». Uste du Europak ezin duela jarraitu «aniztasuna gutxiesten duen estatuen klub bat izaten». Egungo abagune aldakorrean, Barrenaren arabera, Europako estaturik gabeko nazioek argi ikusten dute etorkizuna Herrien Europarenean elkartuta daudela. «Testuinguru honetan, erabakitzeko eskubidea europar eraikuntzaren aldeko tresna demokratiko gisa agertzen da nabarmen. Euskal Herria bezalako estaturik gabeko naziook, gure etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea daukagu, eta Europa ariketa horren bermea izan behar da».