Imanol Pradalesek esan du euskal erakundeek parte hartze aktiboagoa izan behar dutela Europako Batasuneko egituretan eta sareetan, «ahots propioa» izateko eta etorkizuneko erabaki estrategikoetan eragin handiagoa lortzeko.
Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eskaera hori egin du Linkedin sare sozialean argitaratutako testu batean, Europaren Eguna dela baliatuta. Europako integrazioa sakontzearen alde egin du, «zatiketara eta garai ilunetara itzultzea» defendatzen duten jarrerei aurre egiteko.
Pradalesek azaldu duenez, nazioarteko zuzenbidea eta multilateralismoa ahuldu egin dira azken urteetan, mugimendu populisten eta autoritarioen mesedetan. Horri aurre egiteko, uste du Europak batasun handiagoa behar duela, eta urratsak egin behar dituela egitura federalago baterantz.
Europako proiektuaren balio komunak nabarmendu ditu, eta adierazi du garai hau aukera ona izan daitekeela «Europaren berpizkunde baterako», baldin eta egitura politikoak sakontzen badira eta eragile guztien parte hartzea indartzen bada. Ohartarazi du barne zatiketak ahultasuna dakarrela.
Europa «batuagoa eta independenteagoa»
Lehendakariak azaldu duenez, Europa presio geopolitiko handien erdigunean dago: Errusia, Txina eta AEBak aipatu ditu. Hala ere, nabarmendu du ia 500 milioi herritar biltzen dituen eremu politiko bat dela, eta oinarri sendoa duela garapenerako eta lehiakortasunerako; horrek guztiak «independentzia estrategikorako bermea» ematen diola uste du.
Eraginkortasun faltari edo moteltasunari buruz Europako erakundeek sarri jasotzen dituzten kritikei dagokienez, mezu baikorra helarazi nahi izan du Pradalesek, eta gogoratu du Europa gai izan dela azken urteetako krisiei erantzuteko. Adibide gisa jarri du COVID-19aren pandemian txertoen erosketa bateratua egin izana herrialdeen artean eta ekonomia suspertzeko 750.000 milioi euroko zorra partekatu izana. Halaber, Mercosurreko herrialdeekin, Indiarekin eta Australiarekin egindako akordio komertzialak nabarmendu ditu.
«Borondatea eta autonomia politikoa dagoenean, aurrera egiten da», azpimarratu du; hala ere, ohartarazi du Europak ezin duela soilik krisiei erantzunez aurrera egin.
Testuinguru horretan, defendatu du euskal erakundeek presentzia handiagoa izan behar dutela Europako erabakiguneetan eta sareetan, beren esperientzia eta ekarpena modu zuzenagoan txertatzeko eta erabaki politikoetan eragiteko.
Lehendakariaren ustez, horrek aukera emango luke Atlantikoko Makroeskualde batean eta gisako proiektuetan pisu handiagoa izateko eta Europako integrazio prozesuan ekarpen esanguratsuagoa egiteko.