Pradalesek proposatu du emantzipatzeko laguntzak jasotzeko gehieneko diru sarrerak handitzea

Emantzipa eta Gaztelagun programetan izen emateko gehieneko diru sarrerak 30.000 eurora handitzea proposatu du EAJk.

Pradales, gaur eguerdiko ekitaldian, Bilbon. EAJ
Pradales, gaur eguerdiko ekitaldian, Bilbon. EAJ
Iosu Alberdi.
2024ko martxoaren 23a
15:05
Entzun

EGIko kideekin batera egin du eguneko kanpainaurreko ekitaldia Imanol Pradales EAJren lehendakarigaiak, eta etxebizitzaren auzia izan du hizpide; zehazki, gazteen emantzipazioari heldu dio. Horiek hala, Gaztelagun eta Emantzipa programetan izen emateko gehieneko diru sarrerak handitzea proposatu du, urteko 30.000 eurotara.

Pradalesek aurreko astean heldu zion etxebizitzaren auziari. Orduan, hauek izan ziren jeltzalearen bi proposamenak: batetik, berme abal publikoen sistema bati bide ematea, etxebizitza erosteko bankuek ematen ez duten %20 finantzatzeko; eta, bestetik, babes publikoko etxebizitzak eskuratzeko diru sarrera muga handitzea.

Oraingoan ere diru sarrera mugak handitzea da EAJko hautagaiak proposatzen duena, baina Gaztelagun eta Emantzipa programen onuradun izateko. Zehazki, urteko 30.000 eurora arte handitu nahi du laguntza horiek jaso ahal izateko gehieneko kopurua. Hala, defendatu du proposamenen xedea dela jada «oso ondo» funtzionatzen duten programa horiek gazte gehiagorengana iristea. Egun, gehieneko diru sarrera 24.500 eurokoa da Gaztelagun programan —18 eta 35 urteko artekoen alokairua ordaintzen laguntzera bideratua—; eta 28.000 eurokoa Emantzipa programan —25 eta 29 urte artekoen emantzipazioa erraztera bideratua, alokairua edo erosketa izanda ere—.

Proposamena egitearekin batera, EAJk eta EH Bilduk aferaren inguruan dituzten ezberdintasunetan indar egin nahi izan du Pradalesek. «Inork ez diezaiela esan zer egin behar duten. Erosi nahi badute, aurrera. Alokatu nahi badute, aurrera. Erraztasunak eman behar dizkiegu, aukerak eskaini; ez dugu trabarik jarri behar», adierazi du, erreferentzia eginez koalizio subiranistak bere proposamenetan txertatu izanari lehen etxebizitzei aplikatzen zaien kenkaria kentzea.

Etxebizitzarekin batera, enplegua ere izan du hizpide Pradalesek: «Euskadik izan behar du gazteei bizi proiektu on bat ilusioz garatzeko aukerak eskainiko dizkien herria». Horretarako, beharrezko jo du lanpostu zein soldata «onak» bermatzeko lan egitea, eta «kontziliaziorako erraztasunak eta etengabeko prestakuntza» garatzea.

Euskal selekzioa

Pradalesekin batera, Oihane Agirregoitia EAJren Europako Parlamenturako bozetako zerrendaburuak ere parte hartu du ekitaldian. Hark euskal selekzioaren eta Uruguairen arteko partida izan du hizpide, eta «herri gisa lehiatzeak» duen garrantzia nabarmendu du: «Nazioa garela aitortu behar zaigula esaten dugunean, kirol arloan ere hala izan behar duela esaten dugu».

Bide beretik, Julen Karrion EGIko kideak ere «Euskadin nazioartean ahots propioa» izatearen garrantzia nabarmendu du, eta horretarako bitartekotzat jo gaurko futbol partida: «Pertsonak helburu komun baten inguruan batzeko duen gaitasuna eta herri gisa dugun nortasuna adierazteko bitarteko indartsua». Horiek hala, euskal selekzio ororen ofizialtasuna aldarrikatu du, «nazio aitorpenerako elementu gisa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.