Prebentzio neurriak koronabirusa saihesteko

Eskuak maiz garbitzea, eztula eta doministiku egitean ukondoa erabiltzea, osasun arreta zuhurtziaz eskatzea, premiazkoa ez bada bidaiarik ez egitea... Horiek dira osasun zerbitzuek eman dituzten prebentzio neurri nagusiak koronabirusari aurre egiteko.

jarraia178752.jpg
2020ko martxoaren 12a
13:28
Entzun

Koronabirusarekin ez kutsatzeko, herritarrek prebentzio neurri nagusi hauek hartu behar dituzte:

Eskuak maiz garbitu. Horretarako, erabili ura eta xaboia edo desinfektatzeko gela. Eskuak garbitzeak derrigorrezkoa izan beharko luke, besteak beste, doministiku edo eztula egin eta gero, doministiku eta eztula egin duen norbaitekin kontaktua izanez gero, komunean egon eta gero, azalera zikinak garbituz gero edota jan aurretik.

Arnasa hartzean higiene neurriak hartu. Eztula edo doministiku eginez gero, estali ahoa eta sudurra ukondoaren barneko aldearekin. Ukondoak tolestuta egon behar du. Bestela, erabili eta botatzeko mukizapiekin estali ahoa eta sudurra. Zapia berehala zakarrontzira bota, eta garbitu eskuak urarekin, xaboiarekin edo desinfektatzeko gelarekin.

Ez ukitu begiak, sudurra eta ahoa. Eskuek kutsatuta egon daitezkeen gainazal asko uki ditzakete. Beraz, eskuekin sudurra, begiak edo ahoa ukituz gero, arriskua dago gainazal horretan zegoen birusarekin norbera kutsatzeko.

Osasun arreta eskatu. Sukarra edukiz gero, edo arnasa hartzeko arazoak, osasun arreta eskatu, baina zuhurtziaz. Ahal dela ez deitu 112 telefonora, larrialdi kasu bat ez bada. Araban, nork bere osasun zentrora deitzeko eskatu dute. Bizkaian eta Gipuzkoan, koronabirusari lotutako informazioa jaso eta emateko telefono bat jarri dute propio: 900-20 30 50. Nafarroan, berriz, beste hau: 948-29 02 90. Eta Ipar Euskal Herrian: 15.

Distantzia utzi ingurukoekin. Gutxienez metro bateko distantzia uztea gomendatzen da.

Ez egin bidaiarik premiazkoa ez bada. Bidaiarik ez egitea gomendatzen da, derrigorrezkoa ez bada behintzat.

Sintomak edukiz gero. Aholkua etxean geratzea da —are gehiago sintomak arinak badira—, eta arreta telefonoetara deitzea jarraitu beharreko pausoak jasotzeko.

Adinekoak eta gaixo kronikoak. Etxetik ez ateratzea gomendatzen da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.