2012ko apirilean sorrera batzarra egin zutenetik, hainbat esparrutan ari da lanean Harrera Elkarte Asistentziala, euskal preso ohien premiak erantzun nahian. Atzo, Bigarren Nazio Batzarra egin zuten Zornotzako Zelaieta kultur gunean (Bizkaia) ehun bazkide inguruk. Bi urteotan, «ahalik eta asistentzia osoena» eskaintzen saiatu direla gogorarazi zuten, baina nabarmendu zuten beharrezko dutela horretarako herritarren elkartasuna. «Beharrei erantzuteko, ezinbestekoa da ahalik eta bazkide gehien lortzea».
Andoni Iturriotz elkarteko lehendakariak eman zion hasiera batzarrari, gogora ekarriz «jazarpen eta arrisku larriak» jasan behar izan dituztela. Horien gainetik, «eguneroko lanean modu duinean» aritzen saiatu direla azaldu zuen. Lanaren emaitza izan da, esaterako, bazkide kopurua ia bikoiztu izana joan den urtetik hona. 1.000 bazkide inguru zituzten iaz lehen Nazio Batzarra egin zutenean, eta 1.800 dituzte orain. Dozenaka laguni lagundu diete dagoeneko, besteak beste, enplegua aurkitzen, gida baimena ateratzen, gestio administratiboak egiten, osasun gastuekin...
«Elkartasun sareak sortzea» izan zen iazko batzarrean jarri zuten helburu nagusia, eta lan horren garrantzia aipatu zuten atzo ere. Herri guztietara zabaldu nahi dituzte orain halako sareak. Izan ere, elkartearen premiak handitu egin direla azaldu zuten, laguntza behar duten pertsona kopuruak gora egin ahala. Gainera, azkenaldian espetxetik atera direnei Espainiako Gobernuak diru laguntzak ukatu dizkiela nabarmendu zuten: «Gero eta gehiago dira premia larrian elkartera laguntza eske datozenak».
Premiekin batera, hazten ari da Harrera elkartea
Bigarren Nazio Batzarra egin du Zornotzan preso ohiei laguntzeko elkarteak; bazkideak bikoiztu egin dira iaztik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu