Euskarazko Komunikazio Taldeak (EKT) antolatuta, Hedabideak etorkizunean, biharko prentsa eta Internet jardunaldiak egingo dituzte ostiral honetan, Andoainen (Gipuzkoa), Martin Ugalde Kultur Parkean, eta BERRIA.INFOk zuzenean emango ditu hitzaldiak eta mahai-ingurua.
BERRIAren weba ataria berritzen ari da eta, besteak beste, zuzeneko emanaldien aldeko apustua egin du. Esaterako, hil honetan zuzeneko bi kontakizun egin ditu, Twitter bidez: maiatzaren 5ean Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren inbestidura saioarena eta maiatzaren 13an Athletic-Bartzelona Espainiako Kopako finalarena. Bietan parte-hartzea ona izan da eta BERRIA.INFOk ohi baino bi mila bisita inguru gehiago izan ditu egun horietako bakoitzean.
Ostiraleko jardunaldien egitaraua
10:00. Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariaren sarrera.
10:15. Hitzaldiak: Vicent Partal (Vilaweb Kataluniako atariko arduraduna) eta Juan Varela (kazetaria eta kontsultorea. Periodistas 21 webgunea kudeatzen du).
12:00. Mahai-ingurua: Nola egokitu eskaintza XXI. mende hasierako errealitate eta beharretara? Kideak: Aitor Zuberogoitia (Mondragon Unibertsitatea), Jon Muñoa (Deustuko Unibertsitatea) eta Jose Ignacio Armentia (EHU). Moderatzailea: Lorea Agirre (kazetaria eta unibertsitateko irakaslea).
Bertan izateko, gaurko eman behar da izena -doan da-, hemen: komunika@berria.info helbidean edo 943 30 40 30 telefono zenbakian.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntzako eta Jakintzaren Gizarteko Departamendua da jardunaldion babeslea.
Besteak beste, BERRIA eta BERRIA.INFOren enpresen taldea da EKT.
Komunikabideak