Bularreko minbiziaren ondorioz kirurgia ebakuntza bat izan ostean, emakumeek erabaki behar izaten dute ea bularra berreraiki edo ez, eta nola. Dena dela, badira erabaki hori nabarmen baldintzatzen duten faktoreak: presio estetikoa eta informazio egokirik eza. Hori dela eta, gaia aztertu duten ikertzaile batzuek zera proposatu dute: osasun profesionalek beharrezko informazio guztia eta neutrala eman behar dietela mastektomizatutako emakumeei, erabaki hori modu autonomoan eta presiorik gabe har dezaten. Emakundek emandako beka batekin egin dute ikerketa, eta gaur aurkeztu dute, Gasteizen.
Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak egin du aurkezpena, eta ondoan izan ditu ikertzaileak: Garbiñe Lozano, Maialen Araolaza, Maider Lamarain, Olalla Ondarra, Alazne Mujika, Olatz Mercader eta Ane Arbillaga. Emakume mastektomizatuen kolektiboaren diskriminazio arriskuaren eta laguntza baliabideen erabileraren azterketa eta deskribapena izenburuko ikerketa Emakundek emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko ikerketa lanei ematen dien bekaren 2023ko deialdiaren fruitua da, eta aztertu dute nolakoa den aukera kirurgikoen inguruko erabakiak hartzeko prozesua eta haren kalitatea emakume mastektomizatuentzat.Â
«Berdintasunaren, autonomiaren eta emakumeen askatasunaren ikuspegitik, garrantzitsua da hartzen duten erabakia autonomoa izatea, inolako presiorik gabea eta informazio guztiarekin hartua»
MIREN ELGARRESTA Emakundeko zuzendaria
Ikertzaileek emakume mastektomizatuei buruzko informazioa bildu dute bularra berregiteko edo ez berregiteko erabakia hartzeko prozesuan, bai eta osasun arloko profesionalei buruzkoa ere. Hori egin ostean, proposamenak eta gomendioak egin dituzte pazienteek erabakiak hartzeko prozesua hobetu dadin.
Egileek ondorioztatu dutenez, aukeraketak bi baldintzaren inguruan egiten du jira: nolako tumorea den eta pazienteak zer egin nahi duen. Izan ere, egoera klinikoak ahalbidetzen duenean, emakumeek aukera dezakete zer ebakuntza egin nahi duten. Bularra berregitea posible denean, ikertzaileen esanetan, emakumeen erabakia kalitatezkoa dela bermatu behar da, eta adostasunez, elkarlanean eta osasun profesionalek gidatuta hartu dela: «Aukera guztiak dira baliozkoak, eta edozein aukeratzen duela, erabaki ona da».
Azken hitza emakumeek dute, baina ikertzaileek nabarmendu dute badaudela erabakia baldintza dezaketen faktoreak, nagusiki presio estetikoa eta informazio falta. Hori dela eta, Miren Elgarrestak adierazi duenez, «berdintasunaren, autonomiaren eta emakumeen askatasunaren ikuspegitik, garrantzitsua da hartzen duten erabakia autonomoa izatea, inolako presiorik gabea eta informazio guztiarekin hartua».

Txostenaren arabera, bularreko minbiziari eta ondorengo kirurgiari aurre egin behar dieten emakume askok edertasun kanonak betetzeko presioa sentitzen dute. Horregatik, ikertzaileen gomendioa da «onarpena eta autoestimua hobetuko dituzten estrategiak diseinatzea eta ezartzea». Horren helburua da «bularreko edozein kirurgiari aurre egin behar dioten emakumeen ongizate fisikoa, mentala eta emozionala sustatzea».
Emakumeei ez ezik, prozesuan laguntzen dieten osasun profesionalei ere erreparatu diete ikerkuntza lan horretan, eta profesional horien komunikatzeko gaitasunak eta neutraltasuna hobetzea proposatu dute. Hori lortzeko nahitaezkoa da, ikerlarien iritziz, medikuen kontsulten denbora luzatzea eta baliabideak hobetzea.
Mastektomizatutako emakumeen %60-70 INGURUk BULARRA KENTZEAREN alde egiten dute
Emakume mastektomizatuen kolektiboaren diskriminazio arriskuaren eta laguntza baliabideen erabileraren azterketa eta deskribapena ikerketa lanean gogorarazi dutenez, bularreko minbizia da emakumeei diagnostikatzen dieten minbizirik ohikoena. Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkartearen (AECC) behatokiaren arabera, 2023an 1.741 kasu atzeman zituzten Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.
 Minbizia diagnostikatu dieten emakumeen %64ri mastektomia egiten diete. Ebakuntza horretan emakumeei bular osoa edo zati bat kentzen diete, eta horrek eragin handia du emakumeen bizi kalitatean: haien itxura fisikoan aldaketa nabarmena duelako, eta haien harreman afektibo eta sexualetan ere eragiten duelako.
 Osasungintzan, bularra berregitea aurkeztu izan da mastektomiaren ondoren hobekuntza estetiko eta trauma psikologiko eta fisikoa samurtzeko konponbide gisa, baina datuek erakusten dute emakume gehienek —%60-70 inguruk— hala ez egitea erabakitzen dutela, batzuetan arrazoi klinikoek behartuta, eta besteetan aukera pertsonala dela medio.
Txostenean ohartarazi dutenez, mugimendu feministak salatu izan du diskriminatu egiten direla ebakuntzan bularra kendu eta ez berregitea aukeratzen dutenak. Horren kontra borrokatzeko, bularra ez berregitea sustatzen duten mugimenduek gero eta indar handiagoa dute.