Iragan astean Hego Euskal Herriko presio fiskalari buruzko azterketa aurkeztu zuen ELAk, eta, ondorioztatu zuenez, langileen errenten gaineko presio fiskala enpresaburuen eta autonomoen gainekoa baino handiagoa da. Atzo, bigarren zatia eman zuen argitara, eta azpimarratu zuen hala fiskalitatea nola gastu sozialaren finantzaketa eztabaida beraren bi aldeak direla; hots,gizarte ereduaren ingurukoa.
«Zenbaitetan, euskal agintari politikoak saiatzen dira hiritarrak konbentzitzen BPGren arabera babes sozialera bideratutako esfortzu eskasa aberastasun handiaren ondorio dela. Hau da, hemen sortzen den aberastasuna Europako Batasunekoa baino handiagoa dela, eta, errealitatean, europarren pareko diru kopurua jartzen dugula. Datuek, aldiz, kontrakoa diote», gaitzetsi zuen Elorrietak. Izan ere txostenak ondorioztatu du Euskal Autonomia Erkidegoan biztanleko 4.536 euro bideratzen direla gastu sozialera, eta 3.835 euro Nafarroan. EBn, berriz, hiritar bakoitzeko batez beste 6.926 euro bideratzen dira.
Oraindik koska handia falta zaio, beraz, Hego Euskal Herriari Europako Batasunarekin parekatzeko. Are gehiago, 1995etik 2003 bitartean aldea txikitu beharrean handitu egin delako: 1995ean BPGren %20 bideratzen zen gastu sozialera, eta 2003an, berriz, %19,5.
Elorrietaren arabera, joera hori aldatu eta EBren batez bestekora ailegatu ahal izateko beharrezkoa da urtero 400 milioi euro gehiago bideratzea gastu sozialera. Zenbaki horren tamaina neurtunahi izan du Elorrietak. Eusko Jaurlaritzako aurrekontutik 0 eta 2 urte arteko hezkuntzara, larrialdi sozialeko kasuetara, ingurumenera eta etxebizitzara bideratzen den diru dena hartu eta bikoiztuta ere, ez litzatekeela400 milioi eurora ailegatuko, azpimarratu du.
KONTZERTUAREN ERABILERA OKERRA. Horregatik, finantzaziorako Kontzertu Ekonomikoak eskaintzen dituen aukerak baliogabetu egiten direla uste du: «Zer gutxi erabiltzen den Kontzertua eta zenbat erabiltzen den propaganda. Ez da erabiltzen fiskalitate aurrerakoi bat ezartzeko, ezta estaldura sozial zabalago bat eskaintzeko. Herrialderik hoberenean bizi garela konbentzitu nahi izan gaituzte, baina egia ez den oro propaganda da».
Datua
6.926
Gastu soziala EBn. Hiritar bakoitzeko, batez beste, 6.926 euro gastatzen dira Europako Batasunean. Luxenburgon, 12.653 euro, Danimarkan 10.782 etaSuedian9.933. Grezia (3.671), Espainia (3.656)eta Portugal (3.192) atzetik daude. EAEn biztanleko gastua 4.532 euroko da, eta Nafarroan 3.835 eurokoa.«Zer gutxi erabiltzen den Kontzertu Ekonomikoa, eta zenbat erabiltzen den propaganda»
Jose Elorrieta
ELa-ko idazkari nagusia