Euskal presoak

Preso ohiei egiten zaizkien harrerak "pribatuak" izan daitezela eskatu du Foro Sozialak

Harrera horiek presoen auzian lortutako adostasunak "kolokan" jartzen dituztela ohartarazi du Foro Sozialak, baina, aldi berean, ekitaldiak judizializatzearen aurka agertu da. Foroak nabarmendu du harrera horiek amaitu egingo liratekeela euskal presoak bigarren gradutik hirugarrenera igaroko balira.

Jose Jabier Zabaleta 'Baldo' euskal presoa Hernanin, Zuerako (Espainia) kartzelatik irten ondoren. JON URBE, FOKU
arantxa elizegi egilegor
2019ko uztailaren 31
08:07
Entzun

Joan den asteburuan Jose Jabier Zabaleta Baldo eta Xabier Ugarte euskal presoei egindako harrerek eztabaida eragin dute. Espainiako Gobernuak fiskaltzari eskatu dion iker ditzala bi euskal presoei egindako harrera ekitaldiak, eta ohartarazi du "onartezinak" direla horrelakoak. Jaurlaritzak, aldiz, "biltzeko askatasunaren" barruan jarri ditu bi ekitaldiak, eta nabarmendu du Ertzaintzak ez duela delitu zantzurik ikusi horietan.

Gaur, eta 72 orduz azken erreakzioak eta isiltasunak aztertu ostean, Foro Sozialak hartu du hitza, eta kritikatu egin du halako ekitaldiak judizializatzeko bideak zabaldu izana. Aldi berean, baina, eskatu du halakoak "eremu pribatuetan" egin daitezela, eta ohartarazi horiek "kolokan" jartzen dituztela orain arte presoen auzian lortutako adostasunak. "Irtenbidearen alde eta elkabizitza demokratikoaren alde lanean ari diren eragileen arteko banaketa eragiten ari dira", adierazi du.

Foroak jakinarazi duenez, asteburuan Hernanin eta Oñatin egin direnen gisako ekitaldiek "ETAren biktimen mina areagotzen" dute, eta aldi berean presoen senideen "babesgabetasun" sentimendua handitzen dute; izan ere, urte luzez izan dira salbuespen politiken biktima. "Euskal gizarteak ez du onartzen orain arte ETAren biktimek eta presoen senideek bizi izan duten sufrimendua are gehiago handitzea. Hala ere, guztiak bat datoz harrera horiek eremu pribatuetan egin daitezkeela".

Egoeraren irtenbidea euskal presoak bigarren gradutik hirugarrerena igarotzea litzateke, Foroaren iritziz, eta horretarako beharrezkoa litzateke Espainiako Gobernuaren, Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren adostasunari presoena eta gizartearena gehitzea. "Unean uneko akordioetatik presoen auzia behin betiko argituko duen akordio zabal batera igaro behar dugu".

Akordio zabal hori lortze aldera, Foro Sozialak lanean jarraituko duela iragarri du, betiere hiru oinarriren gainean: ETAren biktimekiko eta haien minarekiko errespetu osoz, harrera ekitaldiak eremu itxietan egin daitezela; hainbeste urtez urruntzeari eta sakabanaketari aurre egin behar izan dioten senide eta lagunen sufrimendua aitortuz; eta preso ohien konpromisoa bakearen eta giza eskubideen alde lan egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.