Jaurlaritzak ez du auzibiderik hasiko presoen harreren aferan

Erkorekak esan du Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak «irizpide desberdinak» dituztela. Jaurlaritzak dio «biltzeko askatasunaren» esparruaren barnean daudela harrerak

Joan den larunbatean egin zioten Oñatin (Gipuzkoa) harrera Xabier Ugarte euskal preso ohiari. GORKA ESTRADA / EFE.
Olatz Enzunza Mallona.
2019ko uztailaren 31
00:00
Entzun
«Ertzaintzak atestaturik egin ez badu, delitu zantzurik ikusi ez duelako izan da». Modu horretan argitu du Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak euskal presoen harreren aferan Jaurlaritzak duen jarrera. Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak «irizpide desberdinak» dituztela aitortu du Erkorekak, eta gaineratu du fiskaltzak eta justizia auzitegiak erabakiko dutela joan den asteburuko ekitaldiak delitutzat jo ala ez.

Joan den asteburuan Jose Jabier Zabaleta Baldo eta Xabier Ugarte euskal presoei egindako harrera ekitaldien aferak segida du oraindik ere. Erkorekaz gain, Paul Rios Lokarri Euskal Herriko gizarte mugimendu bakezaleko koordinatzaile ohiak egin ditu adierazpenak, eta Villacisneros fundazioak ere iragarri du salaketa jarriko duela. Foro Sozialak gaur kaleratuko du gaiaren inguruko analisia, eta «zatiketarako elementu izateari uzteko» planteamendu bat proposatuko du.

Zabaleta eta Ugarte asteburuan geratu ziren aske. Zabaleta Zuerako kartzelatik (Zaragoza, Espainia) atera zuten larunbatean, eta Hernani jaioterrian (Gipuzkoa) egin zioten harrera. Ugarteri, berriz, Oñatin (Gipuzkoa) egin zioten harrera, Topasko kartzelan (Salamanca, Espainia) zigorra bete ostean. Ekitaldiek aurkako jarrera uholdea ekarri dute. Pedro Sanchezen jarduneko gobernuak Espainiako Fiskaltzari eskatu zion iker ditzala bi euskal presoei egindako harrera ekitaldiak. Madrilek ohartarazi zuen «onartezinak» direla horrelako ekitaldiak, «iraingarriak direlako terrorismoaren biktimentzat eta gizartearentzat».

Erkorekak adierazi du Segurtasun Sailak ez duela harrera ekitaldi horietan parte hartu, justizia auzitegietako irizpideekin «modu zorrotzean» bat egin duelako. Halako ekitaldiak «biltzeko askatasunaren eta manifestazioaren» esparruaren barnean onartuta daudela adierazi du. Jaurlaritzako bozeramaileak jakinarazi du Ertzaintzak hartutako zenbait jarrera, auzitegiaren aginduz, «geldituak» izan direla.

Paul Riosen ustez, biktimen lekuan jarri behar da: «Mina eragin zutela onartzea, adierazpen huts bat baino gehiago, enpatiazko ariketa bat da». Horrez gain, presoen aldeko ekitaldiak «pribatizatu» behar direla ere azpimarratu du. Preso ohi horiek egindako ekintzetan «ezer heroikorik ez» dagoela esan du: «Mina eta sufrimendua baino ez dago ekintza horietan». Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiak ere gaitzetsi ditu harrerak: «Mingarriak dira, eta arduragabekeria».

Urteroko ekitaldia

Etxerat-ek «salbuespenezko espetxe politika salatzeko» urteroko ekitaldia egingo du Azpeitiko (Gipuzkoa) Loiolan. 10:30ean egingo dute elkarretaratzea, eta txostena jasoko du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Etxerat-ek gutun bat ere emango dio, iaz «erantzunik jaso ez» zutela ohartarazteko. Elkarretaratzean izango dira 11/13 auziko auzipetuak ere, tartean Nagore Lopez de Luzuriaga, Etxerat-eko kide ohia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.