«Preso politikoak» aipatzea, ezta artean ere

Sierraren 'Preso politikoak gaur egungo Espainian' artelana erretiratu dute Arco arte azokatik. Preso dauden edo egon diren 24 lagunen argazkiek osatzen dute; tartean hainbat euskal herritar daude. Egilea «zentsuraz» mintzatu da

Santiago Sierraren artelanean ageri diren argazkiak, erretiratu aurretik. FERNANDO VILLAR / EFE.
gotzon hermosilla
2018ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Gogor jotzen dute adierazpen askatasunaren kontrako haizeek Espainia aldean. 24 orduren buruan, Espainiako epaileek liburu bat bahitu eta rap abeslari bat espetxera bidaltzeko agindua eman dute, eta, azen ontzeko, Arco Espainiako arte azoka nagusiak Presos políticos en la España contemporánea (Preso politikoak gaur egungo Espainian) izeneko artelana kendu du erakusgai zegoen arte galeriatik.

Azken horrek sortu du harrabotsik handiena. Ifemak, Madrileko azokak antolatzeaz arduratzen den erakundeak —eta, hortaz, Arco arte azokaren antolatzaileak— Preso politikoak gaur egungo Espainian izeneko artelana erakustokitik kentzeko eskatu dio Helga de Alvear galeristari, «azokari eta gainerako artelanei kalte» egiten dielakoan. De Alvearrek men egin dio eskaerari: «Nire etxean inork ez dit esango zer kendu behar dudan, baina hemen inoren etxean nago, eta Ifemak ez badu artelana hemen egoterik nahi, nik kendu egingo dut», azaldu du.

Santiago Sierra artistarena da artelana, eta han 24 argazki erakusten dira, pixelaturik: «Indarkeriarik erabili gabe euren ideia politikoak gauzatzen saiatzeagatik espetxeraturiko pertsonak» dira argazkietan ageri direnak, artelana azaltzen duen bideoan esaten dutenaren arabera.

Izenik gabe eta pixelaturik daude argazkiak, baina bakoitzaren aldamenean testu bana agertzen da, argazkian ageri dena zergatik espetxeratu zuten azaltzeko, eta, horri esker, erraz jakin daiteke nortzuk diren argazkietakoak.

Horietako asko euskal herritarrak dira, batzuk espetxean daudenak eta beste batzuk duela gutxi arte egondakoak: hor daude, besteak beste, bi guardia zibilekin liskarra izateagatik espetxeratutako Altsasuko gazteak (Nafarroa), Arnaldo Otegi, Jabier Salutregi (Egin-eko zuzendari ohia), Alfredo Remirez —preso bat irudikatzen zuen kartoizko panpina ateratzeagatik eta txiokatzeagatik zigortua— eta abar. Kataluniako Oriol Junqueras, Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart ere agertzen dira.

Ifemako zuzendaritza batzordeak esan du erabakia «adierazpen askatasunari begirune osoa izanda» hartu dutela, eta «polemikak saihesteko» asmoz, pentsatzen dutelako balizko polemika horiek «ikusgarritasuna» ken diezaieketela gainerako artelanei.

«Zentsura ekintza»

Artelanaren egile Santiago Sierrak ez du zalantzarik gertatutakoa kalifikatzeko, eta «zentsura ekintza tamalgarria» dela deritzo. «Erakutsi nahi nuen begien bistakoa dela gaur egungo Espainian preso politikoak daudena», esan du. «Munduarekin etengabe hizketan aritzea da artea. Elkarrizketa hori debekatzea ni neu pertsona gisa debekatzea da. Gogoeta egiteak ez du beldurrik eragiten; ez luke eragin behar».

Sierrak erantsi du gertatutakoak «ospe txar itzela» emango diola Arco azokari, eta Ifema ez dela «nor» Arcori esateko «zer erakuts daitekeen eta zer ez».

Espainiako Gobernuak babestu du erabakia. Nekazaritza, Arrantza, Elikaduraeta Ingurumen ministro Isabel Garcia Tejerinak esan du «Espainian preso politikorik» ez dagoela, «delituak zehatz-mehatz definitzen dituen zigor kodea eta berme guztiak dituen sistema judizial independentea baizik».

Horretan bat etorri da Kultura estatu idazkari Fernando Benzo, baina erantsi du «irizpide artistikoak» ere aintzat hartu direla artelana erretiratzea erabakitzeko: «Artelanak preso politikoak aipatzen ditu, baina argazkietan agertzen diren pertsona horiek preso politikoak ez direnez, pentsa daiteke artelana ez dela kontzeptualki zuzena, eta irizpide artistikoen arabera erretiratzea erabaki da», azaldu du.

PSOE ere erabakiarekin ados agertu da, «polemika saihesten» lagunduko duelakoan. «Orain, tentsioa jaisten eta giroa baretzen lagunduko duen edozein erabaki ontzat eman behar da», esan du Margarita Robles PSOEk Espainiako Kongresuan duen bozeramaileak.

Udala, kontra

Baina erabakiaren kontrako iritziak ere egon dira. Madrilgo Udalak, esaterako, argi utzi nahi izan du erabakia Ifemako batzorde eragileko presidenteak hartu duela, eta udala ez datorrela horrekin bat. Madrilgo Udala ere Ifemako partaidea da, Madrilgo Autonomia Erkidegoarekin eta beste zenbait erakunderekin batera, baina ordezkaritzaren %30 baino ez du.

Madrilgo Udalaren ordezkari eta Ifemako presidenteorde Luis Cuetok esan duenez, erabakiaren berri jakin bezain pronto Ifemaren zuzendaritzaren presazko bilerara deitu dute. Han Udalaren jarrera azaldu dute, baina zuzendaritza osatzen duten gainerako eragileek babestu dute artelana erretiratzeko erabakia, eta, hortaz, Udalaren proposamenak ez du aurrera egin.

«Guk adierazpen eta sormen askatasuna defendatzen dugu beste ezer baino lehen», esan du Cuetok. «Bi balio horiek funtsezkoak izan behar dute Arco bezalako erakusketa batean».

Eragile politikoei dagokienez, Podemoseko idazkari nagusi Pablo Iglesiasek esan du «gai batzuk ezin jorratu izatea edo gai batzuen inguruan ezin hitz egitea» ez dela «demokraziarekin bateragarria».

ERCk Espainiako Kongresuan duen ordezkari Joan Tardak «zentsura» salatu du, eta esan du «Erdoganen erregimenaren neurriko erabakia» dela artelana erretiratzea. «Ongi etorri Turkiara», esan die kazetariei.

Tardari «hipokrisia galanta» begitantzen zaio esatea artelana kendu dutela polemikak saihesteko. «Arte garaikidea eta polemika elkar loturik daude, eta, hain zuzen, horixe du ezaugarri, mugak apurtu eta bideak zabaltzen dituela».

Iragarri du neurriak eskatuko dituela, esaterako, Arco fundazioari diru laguntza publikoak kentzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.