ETAren jardun armatuaren amaiera. Elkarrizketa. Pierre Tartakowsky. Giza Eskubideen Ligako burua

«Preso politikoen arazoa konpontzea da orain garrantzitsuenetarikoa»

Ekainean hartu zuen Frantziako Giza Eskubideen Ligako presidente kargua Pierre Tartakowskyk; prozesu demokratikoa «alde onera» doala dio, eta Frantziako Giza Eskubideen Liga hortik aitzinarazten laguntzeko «prest» dela gehitu du.

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2011ko urriaren 27a
00:00
Entzun
ETAk jardun armatua behin betiko uzteko erabakia harturik orain Frantziako eta Espainiako estatuek gatazka konpontzeari buruz negoziatzen hasi beharko dutela dio Pierre Tartakowskyk (Paris, 1952), hortik «denentzat atsegingarri litzatekeen egoera bat lortzeko gisan». Parisen joera Espainiaren eta Euskal Herriaren arteko negoziazioen arabera izango dela uste du, prozesua aitzina abian baldin bada«zaila izango zaiolako desinteresatuarena egitea edo prozesuari zilegitasunik ez ematea».

Iragan ostegunean jakinarazi zuen ETAk behin betiko uzten zuela jardun armatua. Nola ihardukitzen duzu berri hori?

Erabaki erabat baikorra da. Lehenik, euskal gizartearen nahiarekin bat egiten duelako. Bigarrenik, erakusten duelako orain nortasunari loturiko aldarrikapen hori bortizkeriarik gabe defendituko dela. Hori, demokraziari begira, gauza ona da.

Gernikako Akordioak ondoko baldintza gisa eskubide zibil eta politikoen errespetua aipatzen du. Sortu legez kanpo da, eta, azkenik, Bateragune deitu auziko auzipetuek hamar eta zortzi urteko kartzela zigorra bildu dute. Ez ote dira prozesua gauzatzeko bidean trabak?

Arazo horiek lasaitasunez jorratzeko aukera ematen du ETAk harturiko erabakiak, hori argi da. Orain arte, egoera blokeatu batean ginen. Hori dela eta, erabaki zinez egokia da, aitzinarazten lagunduko duelako. Orain, bide horretan hainbat arazo dira eta horiek konpondu beharko dira. Euskal preso politikoen arazoa konpondu beharko da; hori, segur aski, gai garrantzitsuenetarikoa da. Bestalde, eskubide demokratikoen errespetuari buruzko arazoa aipatu eta negoziatu beharko da eragileen artean. Hori guztia jorratzeko, ETAren jardun armatuaren bukaera ezinbestekoa zen.

Uste duzu orain Frantziako eta Espainiako estatuek negoziatzea onartuko dutela?

Politikan erabat burutsu jokatzea litzateke hori. Beren aldarrikapenak entzunarazteko demokraziaren arauekin bat egiten duten herritarrak ukanki orain, demokraziak behar du nagusitu erabat. Estatuek, nahiz eta ez ados izan, behar dute entzun eta elkarrizketa politikoan oinarritu prozesu batean sartu. Begiratu beharko da gatazkatik ateratzeko zer den egingarri, ikusi beharko da adostasun sozial batera heltzeko zer alda daitekeen, denentzat atsegingarri litzatekeen egoera bat lortzeko gisan.

Frantziako Estatuari begira, zer diozu haren joeraz? Nahizorain arte erran Espainiaren eta Euskal Herriaren arteko gatazka bat dela, uste duzu Parisek konponbidearen alde eginen duela?

Horri zinez ezin diot erantzun. Espainiaren eta Euskal Herriaren arteko negoziazioen araberakoa izango da. Horrez gain, haien arteko interdependentzia jorratzeko tokiko eragileek ukanen duten abileziaren araberakoa ere izanen da. Zeinik eta egoera gogorra izan Espainian, Frantziako Gobernuak zailtasun gehiago ukanen du urratsa egiteko; eztabaida eta elkarrizketa prozesua blokeatu nahiko du. Haatik, iraunkortasuna dakarren konponbide politiko bat baldin bada, Frantziarentzat ere negoziazioak abiatzea errazagoa izanen da.

Beraz, diozu Espainiaren joeraren araberakoa izanen dela Frantziarena?

Elkarrizketa demokratikoa martxan bada, prozesu hori dinamikoa izanen da. Ez dut erraten laster aitzinatuko dela, baina logika hori ikusiz, zaila izanen zaie estatuei desinteresatuarena egitea edo prozesuari zilegitasunik ez ematea. Haatik, espero dut ezetz, baina amorrua eta bortizkeria berriz agertzen balitz, prozesua apurtzeko aitzakia ona ukanen lukete estatuek.

Bidea luzea eta zaila izanen da. Aitzina joan ahal izateko, zuk zer gomendio eginen zenuke?

Nik diot, historiak irakasten digulako ere, talde baten adierazpen tresna izan den bortizkeria bukatzen denean ondotik datorren galdera preso politikoena dela. Usaian, gai horri begira dute estatuek keinu bat egiten, giroa lasaitzeko eta eztabaida politikoak borroka armatuaren tokia har dezan. Estatuek egingo ote dute? Erran dezakedana da, giza eskubideen alde ari den elkarte gisa, gu horren alde garela.

Nazioarteko bitartekarien presentzia inportanta izanen da, zure ustez?

Esperientziak erakusten digu bitartekarien presentzia baikorra dela, baina soilik bitartekaritza lana egiten badute. Hau da, eragile nagusien nahikeriak du garrantzia, eta bitartekariek lagundu dezakete. Desadostasunen parean alde bakoitza bereari mugatzen denean, egoera aitzinarazten lagundu dezakete.

Zuhaur baikor zara abiaturiko prozesu horri begira?

Mementoko, iruditzen zaigu prozesua alde onera doala, eta baikorki aitzinarazteko prest gara. Bai, sineskor gara. Orain, horrek ez du erran nahi gauzak ongi iragaten direla. Baina argi da gauzak alde horretara eta ez bestera aitzinatzea hobe dela.

Nola lagundu dezake gobernuz kanpoko erakunde batek prozesu demokratikoa?

Halako batean nazioarteko eskubideei buruzko edota adostasun dinamiko eta baikor bat lortzeko moldeari begira negoziazioetarako adituen jakintza behar balitz, Giza Eskubideen Ligak rol bat joka dezake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.