Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Pablo Ruzek baldintzarik gabeko espetxealdia ezarri dio Maria Jesus Elorzari. Barajasko aireportuan atxilotu zuten Elorza, herenegun, Venezuelatik iritsi berria zela.
Gaur goizean eraman dute epailearen aurrera Elorza. Frantziak haren aurkako atxilotze agindua emana zuen, baina Elorzak uko egin dio estraditatua izateari. Orain, Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoak hartu beharko du azken erabakia.
Sortuk, bestetik, Elorzaren atxiloketa salatu du, eta kezka adierazi du Poliziaren esku jasan dezakeen tratuaren inguruan.
Poliziaren arabera, 1980ko eta 1990eko hamarkadetan ETAko kide izan zen; polizien aurkako hainbat atentatutan parte hartzea leporatu diote.
Elgoibarkoa (Gipuzkoa) da Elorza, eta 66 urte ditu.