Askatasunak agertu duenez, Basusarrin atxilotu dute Arrieta, bere etxean, eta une hartan bere umeekin zegoen. Baionako komisaldegian daukate Arrieta, Askatasunak jakinarazi duenez. Arrieta Gureakeko kidea da. Halaber, Gure Irratiko kazetaria da, eta bere lankideak, Gure Irratia, Irulegiko Irratia, Xiberoko Botza eta Antxeta Irratia batzen dituen Euskal Irratiak federazioko langileak, kezkatuta agertu dira Arrietaren berririk ez dutelako, eta aske utz dezatela galdegin dute.
Arrieta profesional handia dela nabarmendu dute, eta bere konpromisoa euskararen normalizazioarekin eta giza eskubideen defentsarekin lotuta egon dela beti. Bihar oraindik atxilotuta jarraitzen badu, bihar eguerdian, 12:30etatik 12:45era, Gure Irratiaren egoitzaren aurrean elkarretaratzea egingo dutela iragarri dute.
Nolanahi ere, operazioak irekita jarraitzen duela jakinarazi du Askatasunak, eta Anai-Artea eta Mintza elkarteetan sartu direla. MIntza elkartearen miaketara lagun bat eraman dute, atxikita. Anai-Artea elkartearen arakatzera, berriz, Arrieta bera eraman dute. Anai-Artea iheslariei laguntzeko duela 30 urte inguru sortutako elkartea da, eta besteak beste, Telesforo Monzon eta Piarres Larzabal izan ditu buruzagi eta kide bere historian.
Guztira, hiru dira oraingoz operazio horretan Frantziako Poliziak atxiki dituen lagunak. Dena den, orotara hamar deitu ditu Le Vertek deklaratzera, Baionako polizia etxera, eta, beraz, gerta liteke besteren bat ere preso hartzea.
Atzo ere Gureak elkarteko bi kide atxilotzen saiatu zen Frantziako Polizia, Laurence Le Vert Parisko epailearen aginduz. Ez bata ez bestea ez zituen etxean topatu, bat espetxean baitzegoen bisitan eta bestea epaiketa batean. Gainera, Askatasunak azaldu zuenez, hirugarren lagun batek epailearen aurrean deklaratzeko zitazioa jaso zuen. Gureak elkartea Etxerat-en baliokidea izan zen Ipar Euskal Herrian.
Arratsaldean eman zuen Askatasunak atxilotzeko saiakeren berri. Antza denez, 06:00etan agertu ziren Frantziako poliziak Gureak elkarteko kideen etxeetan. Ordu batzuk geroago horietako baten etxera itzuli ziren, noiz bueltatuko zen galdezka. Amnistiaren aldeko mugimenduaren kontrako operazioa dela salatu zuen Askatasunak, baita presoekiko elkartasuna kriminalizatzeko saiakera dela nabarmendu ere.
Atxiloketak
Presoekiko elkartasun mugimenduaren aurkako operazioa aurrera darama Frantziako Poliziak
Frantziako epaile Laurence Le Verten aginduz Ihintza Arrieta Gureak elkarteko kide eta Gure Irratiko kazetaria atxilotu du gaur goizean Frantziako Poliziak, Basusarrin (Lapurdi). Errepresaliatuen aldeko Baionako Mintza elkarteko kide bat ere atxilotu dute. Hain justu, Mintza elkartearen egoitza miatu dute, eta horrez gain, Anai-Artea elkartearena Donibane Lohizunen. Guztira, hamar lagun deitu dituzte deklaratzera operazio horren baitan. Horietatik hainbat polizia etxean dira, eta joan direnetako bat atxilo hartu eta inkomunikatu egin dute. Etxeratek eta Askatasunak salatu dute Frantziako Justiziak Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren kontra egiten duen bigarren operazioa dela hau, atzo hasi eta gaur jarraitzen duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu