Presoen alde «indarrik handiena egiteko garaia» dela nabarmendu dute Plentziako Itsas Martxan

Egitasmoaren hamahirugarren aldian, gogoratu dute oraindik presoak, iheslariak eta deportatuak daudela, eta kartzelatik atera osteko beharretan ipini dute arreta: etxebizitza, lana, arta psikologikoa...

Jendetza Plentziako itsasadarrean, gaur, XIII. Itsas Martxan. JON URBE / FOKU
Jendetza Plentziako itsasadarrean, gaur, XIII. Itsas Martxan. JON URBE / FOKU
amaia igartua aristondo
Plentzia
2026ko uztailaren 11
17:54
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ontziak abiatu baino nabarmen lehenagotik zeuden banderak tente, eta aldarriak ez dira mututu ezta segizioa portura heldu denean ere. Sakabanatze politika bukatu den arren, euskal presoetako asko daborduko aske dauden arren, agerikoa da askorentzat oraindik badaudela mobilizatzeko motiboak Plentziako (Bizkaia) XIII. Itsas Martxan batu den jendetzari erreparatuta. «Aurrerapauso asko egin dira, eta bazen garaia», balioetsi du Andrea Egozkua antolakuntza taldeko kideak. «Baina ezin gara erlaxatu; orain egin behar da indar handien, oraindik badaude-eta presoak, iheslariak eta deportatuak». Jai giroan, musikaren, dantzen, txistuen eta solasaldi lasaien artean, bi oihu gailendu dira: «Euskal presoak, etxera!», batetik, eta «Euskal presoak, kalera!», bestetik.

Zubi zuriaren inguruak askotariko ontziz beteak zeuden eguerdia heldu denerako: atxikimendua adierazi dute txalupa txikietan eta batel sendoagoetan, arraun surf eginez animatu dira zenbait, jendez lepo zegoen gasolino bat ere lotu da martxara, baita herriko trainerua ere, eta, antolatzaileen arabera, 250 lagunetik gora joan dira soilik piraguetan. Lehorrean, Denak kalera zioen zapi zuria lepoan edo zorroan lotuta, itsasadarraren ertza bete dute makina bat lagunek.

Pasealekuan ere manifestatu dira. JON URBE / FOKU
Pasealekuan ere manifestatu dira. JON URBE / FOKU

Noiz abiatuko zain, zubitik gertuko arbola baten gerizpean aterpetu dira Maider Bizente eta Elia Blasco boluntarioak. Blasco Kataluniakoa da, eta bigarren aldia du martxan; beteranoa da, aldiz, Bizente gorliztarra (Bizkaia), hamar bider hartu baitu parte. Tarte horretan, egitasmoak bilakaera argia izan duela iruditzen zaio. «Lehen lau katu ginen, bai antolakuntzan, bai parte hartzen, eta uste dut orain zerbait komunitarioagoa dela».

Baina, paradoxikoki, desagertzen denean erdietsiko du arrakastarik handiena. Bizentek espero du martxa askoz gehiagorik ez antolatzea, egoera amaitu den seinale izango litzatekeelako. «Edo beste modu batean planteatzea», egin du ñabardura Blascok. «Nahi zena lortuta eta lorpenak ospatuta, baina egunaz gozatzeko aukera izanda. Izan ere, badago oraindik zer gertatzen ari den ez dakien jendea, eta inportantea da kontzientziatzea, jendeak enpatia izan dezan».

«Arazoa luze doa»

Zaratotsa apalduz joan da txalaparta doinuak entzuten hasi direnean, eta txalo eta txistu zaparrada baten artetik aditu da ahotsa ontzietako baten bozgorailuetatik. «Arraun kolpe bakoitzak helmugara hurbiltzen gaitu, preso, iheslari eta deportatu politikorik gabeko Euskal Herri batera, Euskal Herri aske batera», irakurri dute antolatzaileek. Aldarrikatu dute hamahiru urte hauetan egindako bideak «fruituak» eman dituela, Euskal Herriak «etorkizuneko ateak parez pare irekiak» dituela gaur egun, eta indarrak hauspotzeko garaia dela. «Bidean jasotako eskarmentu eta jakintza guztia gure lagun eta senideak espetxera edo deserrira eraman zituzten korapiloak askatzera bideratu behar ditugu. Euskal Herriak bizi behar du: hori da gure erronka».

«Badago oraindik zer gertatzen ari den ez dakien jendea; inportantea da kontzientziatzea»

ELIA BLASCOPlentziako Itsas Martxako boluntarioa

Bi suziriren eztandaren ostean, eta joaldunen zaratari segika abiatu dira pasealekuko lagunak, mantso-mantso, ikurrina eta arrano beltza astintzen zituen gizon baten atzetik. Ugariak izan dira, halaber, Palestinako banderak. Uretatik, Bad Sound bandaren reggae doinu patxadatsuek ezarri dute martxaren erritmoa. Antolatzaileak «oso pozik» agertu dira parte hartzearekin, eta Egozkuek ziurtatu du presoen egoerak hobera egin izanak ez duela desmobilizaziorik ekarri, beste behar batzuk ere badaudelako oraindik. «Behin kartzelatik irtenda, zaila da lana topatzea, edo etxebizitza; behar psikologikoak daude... Ezin ditugu bakarrik utzi».

Bukatu da martxa, baina ez guztiz: erromeria bat inprobisatu dute hondartzaren ondoan. Jai giro horretan, hausnarketa solemnea egin du Mari Josek. «Arazoa oso luze doa, eta bada garaia denok batera akordio bat egin dezagun».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA