Presoen egoera konpontzea «presazkoa» dela adierazi du AAMk

30 urte kartzelan egon ondoren, Sagardui eta Agirre euskal presoak aurki aske geratuko direla gogoratu dute

Jendetsua izan zen Amnistiaren Aldeko Mugimenduak atzo Gasteizen eginiko agerraldia. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2011ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Euskal Herrian prozesu demokratikoaren oinarriak jarrita dauden hontean, euskal presoen egoera konpontzea «presazkoa» dela ohartarazi du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Hala, euskal presoen alde mobilizatzera eta euren eskubideen alde presioa «areagotzera» deitu du, Gasteizko Foruen plazan egindako agerraldi jendetsuan. 200 lagun inguru bildu dira AAMk egindako prentsaurrekoan, tartean, preso ohiak, senideak, abokatuak eta herritarrak. Guztien izenean, Josu Ormaetxea eta Tania Corral AAMko kideek hartu dute hitza.

Jose Mari Sagardui Gatza eta Jon Agirre Elurtxuri presoak 30 urte kartzelan egon ondoren, udaberrian aske geratuko direlagogoratu dute agerraldian. Europan denbora gehien espetxean daramatzaten presoak dira biak. «Ez da kasualitatea», salatu dute. Espainiako eta Frantziako gobernuen eskutik Europan inon ez bezalako espetxe politika «ankerra» aplikatzen baitzaie euskal presoei, AMMren arabera. Sagarduik eta Agirrek urte hauetan guztietan «sakabanaketa politika krudelaren» ondorioak pairatu dituztela salatu dute. «Hala ere, duintasuna galdu gabe itzuliko dira euren herrietara».

Sagardui 1980ko uztailaren 8an atxilotu zuten. Gaur egun Jaenen dago preso, eta apirilaren 13an geldituko da libre. 2009ko abuztuaren 20an zuen irteteko eguna, baina urte bereko apirilean Granadako Epaitegiko zigor salak 197/2006 dotrina ezarri eta zigorra luzatu egin zion. Agirre 1981eko maiatzaren 11tik dago preso. Basauriko espetxean dago egun. Maiatzaren 3an geratuko da libre.Osasun arazo larriak ditu, baina 197/2006 doktrina irizpidea aplikatuta, Agirre 2011ra arte ez askatzea erabaki zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak.

AAMk gogoratu duenez, 89 euskal presok daramatzate hogei urte baino gehiago espetxean. «Erabaki politikoz ezartzen zaizkie muturreko neurriak euskal presoei, eta bizi guztiko zigorraren ezarpena horren adibide da». Presoengan «etsipena» sortzea, presoen osasunean eragitea, urruntasun eta inkomunikazio sentipena areagotzea, presoekin batera presoen senideak zigortzea,... «Bizi guztiko zigorrarekin» presoak pertsona gisa suntsitu eta militante politiko gisa «ezabatu» nahi dituztela salatu dute.Hori horrela, euren zigorrak beteta dituztenaketa gaixotasun larriak dituztenak aske uzteko, bakartze eta sakabanaketa politikak amaitzeko, eta senideen aurkako jazarpena eteteko eskatu dute.

Behin pauso horiek emanda, gatazka konpontzeko prozesuaren ondorioa preso eta iheslari guztien etxeratzea izan behar duela azpimarratu dute AAMko ordezkariek. «Amnistiaprozesu demokratikoaren emaitza izango da». Gogoratu dute, halaber, Gernikako Akordioa sinatu zuten eragileek Euskal Herrian prozesu demokratikoa bultzatzeko konpromisoa hartu dutela eta prozesu horrek ez duela atzera bueltarik. Hala, Gernikako Akordioak jasotzen dituen aldarrikapenak praktikara eramateko unea dela ohartarazi dute: «Luze baino lehen espetxe politika anker hau amaitu eta euskal presoen eskubideak bermatuko dituzten neurriak hartzeko deia egiten diegu arduradunei».

Azpimarratu dute, bestalde, Espainiako eta Frantziako gobernuen eskuetan dagoela espetxe politika aldatzeko «giltza», eta hargatik,herritarrak deitu dituzte mobilizazio eta presio bidez espetxeetako ateak irekitzera bultzatzera bi gobernuak. Datozen hilabeteetan presoen eskubideen aldeko mobilizazioak izango direla iragarri dute. «Euskal Herriko historiaren kapitulu berriak idaztera doaz, eta horietako bat izango da espetxeetako hormatzarrak botako ditugun egunekoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.