Euskal preso eta iheslari politikoen eskubideen aldeko mobilizazio berria egin dute gaur Durangon. 15:30ean, kalejiran irten dira Landakotik, eta Alde Zaharrean egin dute "olatua" gero. Kalejiran parte hartu dute Zumaia, Urkabustaitz eta gasteizko zanpantzarrek, zamudioko trikitilariek eta Ondarroako erraldoi eta buruhandiek.
Herritarrek Zeharkale eta Goienkale hartu dute, eskutan zituztela tanta baten irudia duten afixak. Kalejira alde zaharrera ailegatzean, uhinak sortu dituzte, eta prestatutako horma bat —espetxeetako paretak irudikatzen zituen— bota du "olatuak". Herritarrak hormaren bestaldera igaro dira gero. Tankera horretako ekitaldia izango da Bilbon urtarrilaren 11n egingo dutena.
Euskal preso eta iheslarien eskubideen defentsan "bultzada berri bat" eman nahi dute gaurko ekimenaren bidez. Ibilbide horretan "inpultso bat" izan nahi du Durangoko Olatuak: "Estadioetan, bertso-finaletan edo ospakizunetan egiten den olatua mobilizazio eskeman aplikatuko dugu, mobilizatzeko eskaintza partehartzaile eta eraikitzaile bat sortuz. Herriaren jai-keinu bat aldarrikapenerako keinu bihurtuko dugu. Keinu infantila, baina nahi gabe bere parte sentiarazten gaituena. Olatuak emozionatu egiten gaitu gureganantz datorrenean, eta naturalki batzen gara koreografia horretara. Durangoko Olatuarekin ere emozioetan eragin nahi dugu, herritarren barren-barrenean".