Datorren astelehenean, hilak 24, Arrasaten (Gipuzkoa) euskal presoen eskubideen alde egitekoak ziren kalejira debekatu du Donostiako administrazioarekiko auzietako Epaitegiko 3. aretoak. Behin-behinean debekatu du ekitaldia.
Carlos Urkijjo Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkariak Espainiako Estatuko abokatuari eskatu zion helegitea jartzeko. Hala egin zuen, eta ekitaldia debekatu du auzitegiak.
Epaileak ebatzi duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak hainbat ebazpen eman ditu esanez udalek ezin dituztela presoen aldeko ekitaldiak antolatu, hala eginez gero "neutraltasun politikoaren printzpioa urratu" egingo litzatekeelakoan.
Kalejira udalak antolatuta, epaileak uste du udal gobernuak "orokorra ez den kausa zehatz bati babesa" ematen diola eta, beraz, "herritarren interesak objetibotasunez" kudeatzeko beharra urratuko lukeela.
Hiru eguneko epea eman dio epaitegiak Arrasateko Udalari helegitea jartzeko, ondoren epaileak erabaki dezan erabakia bertan behera utzi edo mantendu.