Agerraldian izan dira bost alderdietako ordezkariak: Xabi Larralde eta Joseba Permach Batasunetik, Mertxe Colina eta Panpi Dirassar ABtik, Xabier Sarasua eta Ainhoa Larrañaga Aralarretik,Gerardo Carrere Zutik-etik eta Alberto Muñoz eta Julen Pascual EAE-ANVtik. Euskal presoek “eskubideak sistematikoki urratuta dituztela” salatu dute eta urraketa horiek azken aldian “okerrera” egin dutela. Egoera horren arduradun nagusiak Frantziako eta Espainiako Gobernuak direla adierazi dute guztiek.
Bost alderdiek “euskal presoei dagozkien eskubide guztiak aldarrikatu eta errespetatu daitezen” eskatu dute.
Hori dela eta, bi konpromiso hartu dituzte Batasuna, Aralar, AB, ANV eta Zutik alderdiek. Batetik, urtarrilaren 7an Bilbon Ibaetako Foroaren deialdiari jarraituz egingo den manifestazioarekin bat egin dute eta herritar orori dei egin diete Bilbora hurbil daitezen. Bigarrenik, aurrera begira “euskal presoen eskubideen defentsan lan bateratua burutzeko konpromisoa” hartu dute. Gainerako alderdiei ere dei egin diete ahalegin horretan beraiekin bat egin dezaten.
Era berean, euskal presoek “gatazkaren konponbiderako aukera berria zabaltzen ari den honetan” egiteko garrantzitsua dutela azpimarratu dute. Bost alderdien ustez “gatazkaren konponbidea euskal eragile guztien parte hartzearekin- –presoena barne– burutu behar da”.
Presoak