Presoen eskubideen aldeko biharko martxa babestu dute hainbat eragilek

Pablo Ruz epaileak manifestazioa egiteko baimena eman du, baina zaintzeko eskatu die segurtasun indarrei

Erredakzioa
2011ko ekainaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Eskubide guztiekin euskal presoak Euskal Herrira goiburupean bihar Bilbon egingo den manifestazioari babesa eman diote hainbat eragilek. Alderdien aldetik ezker abertzaleak, Eusko Alkartasunak, Alternatibak, Aralarrek zein Abertzaleen Batasunak eman diote atxikimendua, eta sindikatuei dagokienean, ELAk, LABek, EILASek eta EHNEk. Horiez gain, Lokarrik, Iratzarrik, Gazte Abertzaleek, Ikasle Abertzaleek, GaztEHerriak, Euskal Herriak Bere Eskolak, Bai Euskal Herriari-k, EHEk, ESAITek eta Oroimen Historikoa Berreskuratzen-ek ere euren babesa eman diote Egin Dezagun Bideak antolatutako manifestazioari.

Martxa 12:30ean abiatuko da Guggenheimetik, eta ondoren, egun osoko ekitaldi berezia egingo dute udaletxearen inguruetan. Musika kontzertuak eta antzerkia egongo dira.

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Pablo Ruz epaileak baimena eman du manifestazioa egiteko, baina «terrorismoa goratzeko» ekimenik egongo den zaintzeko eskatu dio poliziari. Dignidad y Justicia elkarteak protesta debekatzeko eskatu zuen.

Lokarrik Espainiako gobernuburu Jose Luis Rodriguez Zapaterori eskatu dio «aukeren unea» aprobetxatu eta «bakearen alde bere ekarpena» egiteko. Bere iritzian, espetxe politikan aldaketa egiteak «konfiantza gehiago sortzeko» balioko du. Lokarrik bihar Bilbora joateko deia egin die herritarrei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.