Euskal presoen eskubideen aldeko lana ez dela haien senideei soilik dagokien gai bat azaldu, eta hileroko azken ostiraleko elkarretaratzeen antolaketa bere gain hartu du Egin Dezagun Bidea ekimenak. «Euskal Herria euskal preso eta iheslarien eskubideen alde bidea egiten» ari dela adierazi zuen atzoko elkarretaratzeetan: «Euskal jendartearen gehiengo zabalak bat egiten du sakabanaketa amaitu, bizi osorako zigorra de facto ezartzen duten neurriak indargabetu, gaixotasun larriak dituzten presoak askatu eta bakartze egoerak amaitzeko beharrarekin».
Hori egia bihur dadin indar metaketa «ezinbestekoa» izango dela ohartarazi, eta hileko azken ostiraleko mobilizazioak indartzeko zein euskal presoak Euskal Herrira ekartzearen aldeko ikurrak erakusteko eskatu zuen: «Gure aldarrikapenak kale, balkoi, erakunde eta instituzio publikoetan ikusaraztea nahi dugu».
Dozenaka herritan egin zituzten atzo elkarretaratzeak. Zarautzen, esaterako, 182 lagun bildu ziren protestan, Hondarribian 27, Getarian 45, Amezketan 30, Irurtzunen 22, Zeberion 21, Arrigorriagan 56, Zaratamon 19. Uda osoan euskal presoen eskubideen alde beste hamaika ekimen egingo direla ere jakinarazi, eta horietan parte hartzeko deia egin zuen.
Hernanikoak, baimenduta
Egunotan presoen eskubideen alde Hernanin antolatu diren ekimenak baimendu egin ditu Santiago Pedraz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak, baina Segurtasun Indarrei horien jarraipena egiteko agindu die. Festen harira presoen eskubideen alde antolatutako ekimen guztiak debekatzeko eskatu zuten fiskalak eta DyJ elkarteak, «ETAko presoak goratuko» zirela argudiatuta.
Presoen eskubideen aldeko indar metaketa eskatu du Egin Dezagun Bideak
Hileroko azken ostiraleko protesten antolaketa bere gain hartu, eta presoen gaia ikusarazteko eskatu du

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu