Presoen senideek trukerako txanpon gisa erabiltzeari uzteko eskatu dute

«Non dago bizitzarako gure eskubidea?», dio Kordobako espetxean neba bisitatu ondoren istripua izan duenak

Istripuak salatzeko atzoko agerraldian erakutsitako argazkiak. J. HERNAEZ / ARP.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2012ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Traumatismo kraneo-enzefaliko arina du Gemma Alonsok, Iñaki Alonso presoaren arrebak. Lepokoa darama, eta kolpatuta dauka gorputza. Barrua ere mindua du oso. Neba minutu batzuez ikusi ahal izateko Kordobara 1.600 kilometro egin ondoren, etxera iristeko gutxi falta zitzaiola izan zuen istripua, igandean, 03:30ean. Beste bi preso ikustera joandako lagunekin zen autoan. Hirurak daude lepokoarekin, hartutako kolpe gogorraren ondorioz. «Buruan kolpe handia hartu eta autotik atera nahian nenbilela, zera pentsatu nuen: non dago bizitzeko gure eskubidea?».

Ez da neba ikusteko egin behar dituen bidaietan bizitza galtzeko arriskua bertan sentitu duen lehen aldia. «Bigarren istripua da», dio. «Euskal preso politiko baten senidea izatea ez da delitua!».

Oihana Beloki izan du alboan Alonsok. Ez du lepokorik, baina sustoa bai. Asteburu berean izan du istripua, Txetxu Barrios ikusteko bidaia egin ondoren. Granadako espetxetik bueltan zela izan zuen istripua, 800 kilometro eginak zituela eta beste horrenbeste falta zitzaizkiola. «Euria ari zuen; autoa alde batetik bestera hasi zen, eta, itzulipurdika ibili ondoren, bide bazterrean geratu ginen buruz behera». Autotik ateratzen lagundu behar izan zuten, eta etxerako bidea taxian egin; «zortzi ordu falta zitzaizkigun».

Hirugarren istripua izan zen asteburuan: Iñaki Arakama bisitatzera Valdemorora bidean ziren lau senidek izan zutena. 1.200 kilometro dira, joan-itzulia egiteko.

Sakabanaketaren eraginez euskal presoen hamasei senide eta lagun errepidean hil direla azaldu du Natxi Aranburuk, Etxerat-en izenean: «Ezin dugu bizitza astebururo arriskuan jartzen jarraitu». Preso bakoitzaren hurkoek astebururo batez beste 1.300 kilometro egiten dituztela ohartarazi du. «Euria edo elurra eginda ere, aste osoan lanean aritu arren, ostirala iritsi bezain laster, ezinbestekoak zaizkigun bidaiak egiteko martxan jartzen gara».

Sentsazio bera dute senideek: «Gutako edonor izan daiteke hurrengoa». Hortaz, «trukerako txanpon gisa» erabiltzeari uzteko eskatu dute: «Gu guztion bizitzak ez al du arduradun politikoen arteko itunek baino gehiago balio?». Esan du euskal presoek Euskal Herriko espetxeetan egoteko eskubidea dutela, eta ohartarazi du eskubideak ezin direla «xantaia egiteko» erabili.

Espainiako Barne Ministerioak aurkeztutako gizarteratze plana xantaia horren barruan kokatu du Etxerat-ek. Azaldu du eskubideak ezin direla baldintzen arabera eman edo kendu, eta sakabanaketa amaitzeko eskatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.