Udalerri bat tentsio handiko eremu izendatzeak ondorio garrantzitsu bat dauka: alokairuen prezioei muga jarri ahal izatea. Baina gehieneko prezio hori ez da bat eta bakarra udalerri horretan alokairuan dauden etxebizitza guztientzat. Espainiako Etxebizitza Ministerioak etxebizitza bakoitzarentzat kalkulatzen du zein den gehieneko prezio hori, bizitegiaren ezaugarriak eta inguruan dituen etxebizitzetako alokairuen prezioak kontuan hartuta. Muga ezarrita, jabe handiek alokairuan dituzten etxebizitzetako kontratu berriek ezin izango dute prezio hori gainditu, ezta jabe txikien etxebizitzek ere, baldin eta etxebizitza hori azken bost urteetan alokatua izan bada.
Alokairu prezioen erreferentzia kalkulatzeko, hainbat aldagai hartzen dituzte kontuan. Gehienek etxebizitzaren ezaugarriekin dute zerikusia: udalerriko zein barrutitan eta zein errolda sekziotan dagoen, zenbat metro koadro dituen, noiz eraiki zuten, igogailurik ba ote duen eta abar. Bestalde, inguru horretan alokairuan dauden gainerako etxebizitzen prezioak eta ezaugarriak ere aintzat hartzen dira, erreferentzia gisa. Datu horiekin guztiekin, eta formula matematiko baten bidez, erreferentziarako prezioa ateratzen da: gutxieneko eta gehieneko prezioek zedarritutako tarte bat. Tentsio handiko eremuetan, tarte horren gehieneko prezioa da kontratu berrietarako muga.
Nondik lortzen dute kalkulu hori egiteko informazioa? Etxebizitzen ezaugarriei dagokienez, katastroa da informazio iturri nagusia. Baina gainerakoetarako, PFEZ pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga aitorpena erabiltzen dute. Espainian, Ogasun Ministerioaren esku dago informazio hori; Hego Euskal Herrian, berriz, herrialde bakoitzaren foru ogasunak kudeatzen du.
Atzerapenak
Horrek zenbait arazo eta atzerapen ekarri ditu. Nafarroak otsailean eman zituen bere datuak, Nastat Nafarroako estatistika erakundearen bidez. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Eustat estatistika institutua 2024ko amaieratik ari da lanean hiru herrialdeetako ogasunekin datuak ustiatzen. Gipuzkoako zatia aurreratuago dago: ekainean eman zizkion Espainiako Etxebizitza Ministerioari behar zituen datuak, eta datu horien ustiaketaren emaitza ikusgai dago Eustaten web orrian. Arabako eta Bizkaiko zatiak lantzen ari dira oraindik.
Bizkaiko Foru Ogasunak BERRIAri azaldu dionez, arazoa zera da: Etxebizitza Ministerioak orain eskatzen dituen zenbait datuk ez dute garrantzirik ikuspegi fiskaletik, ez daukate eraginik ordaindu beharreko zergetan, eta, horregatik, Ogasunak ez du horri buruz galdetu eta ez du informazio hori jaso. Adibidez, jabe batek zenbait etxebizitza alokairuan baldin bazituen, horietatik guztira lortutako irabaziak deklaratu behar zituen errenta aitorpenean, baina ez etxebizitza bakoitzetik zenbat irabazten zuen, horrek ez baitzuen eraginik zergetan ordaindu beharreko diru kopuruan; baina orain datu hori garrantzitsua da erreferentzia prezioen indizea kalkulatzeko. Etxebizitza bat zenbat egunetan alokaturik egon den ere ez du orain arte galdetu, arrazoi beragatik.
Hori aldatu da 2025eko errenta aitorpenean, eta orain Bizkaiko Foru Ogasuna hasi da horrelakoen inguruan galdetzen, eta pentsatzekoa da horrek lagunduko duela aurrerantzean prozesua azkarragoa izan dadin. Baina, oraingoz, Arabako eta Bizkaiko tentsio handiko guneetan zain daude: «Lanean ari gara, baina ez da erraza, ezta azkar egiteko moduko zeregina ere», esan zuen Bizkaiko Foru Aldundiko eledun Leixuri Arrizabalagak joan den apirilean.