Pribatizaziotik prekarizaziora

Mediterranea de Catering enpresaren kasuak sortu du kalapita handiena; baina, horrez gainera, dozenaka zerbitzu pribatizatu zituen UPNren gobernuak Osasunbidean.

Ion Orzaiz.
2015eko abenduaren 16a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Enpresa pribatuek osasun zerbitzu publikoak eman ahal izateko, legedia aldatu behar izan da Europa osoan. Espainian, 1997. urtean onartu zen hori ahalbidetzen duen 15/97 legea, PP agintean zela, baina PSOE, IU, CDC eta EAJren aldeko botoekin. Nafarroan ere, garai berean aldatu zen kontratu publikoak arautzen dituen foru legea.

Ordutik, ELA eta LAB sindikatuek askotan salatu dutenez, sektore pribatuaren pisua gero eta handiagoa izan da Osasunbidearen barruan, eta askotariko alorretan nabaritu da. Hauek dira aipagarrienetako batzuk.

GARBIKETA

Ospitaleetako garbiketa zerbitzua izan zen pribatizatu zen lehenetako bat, 1980ko hamarkadaren bukaera aldera. Hasieran, Bideko Ama ospitaleko zerbitzua soilik adjudikatu zioten Linamar enpresari, baina pabilioi eta zentro berriak eraiki ahala, gero eta gehiago hedatu zuten eredu pribatua.

Hala, sistema publikoaren barruan kontratatutako langileek erretiroa hartzean, Nafarroako Gobernuak ez zituen ordezkatu. Hasieran, 80 langilek osatzen zuten zerbitzu publikoa; gaur egun, hiru besterik ez dira. Eta denbora tarte horretan, lan deialdi publikorik ez du egin gobernuak. Beraz, arduradun politikoek sortu dute beharra, pribatizazioa era mailakatuan ezarri ahal izateko.

OSASUN GARRAIOA

1990eko hamarkadan, Nafarroako Gobernuak moldatu egin zuen anbulantzien zerbitzuari zegokion ituna. Lehendik ere, zerbitzuaren zati bat enpresa pribatuek ematen zuten, baina moldaketaren ostean, pribatizazioa ia erabatekoa izan zen. Gainera, sindikatuek salatu zutenez, zerbitzua eskualdeka banatu zuten, eta, horri esker, zenbait enpresa handi saritu egin zituzten —populazio handiko eskualdeak emanez—, txikien kaltetan.

Polemika bitxiak sortu zituen egoera horrek. Izan ere, osasun garraiorako lizentzietako bat FCC multinazionalari eman zion UPNren gobernuak, baina enpresa horrek ez zuen anbulantziarik, ezta beharrezko azpiegiturarik ere. Hortaz, enpresa egokitu bitartean, gaixoak taxietan eramaten zituzten ospitalera.

ERIETXE PRIBATUAK

Nafarroako Gobernuak klinika pribatuekin sinatutako itunak aspaldikoak dira, baina azken urteetan handitu eta garestitu egin dira akordio horiek. Hiru entitaterekin sinatu dituzte itun horiek: San Migel klinikarekin, San Juan de Dios erietxearekin, eta Opus Deiren unibertsitateko klinikarekin.

Funtsean, bi argudio erabili ditu UPNk, milaka gaixo erietxe pribatuetara bideratu izana justifikatzeko: batetik, sistema horrekin, Osasunbidean sortutako itxaron zerrendak murrizten direla; eta bestetik, administrazioarentzat merkeagoa dela zerbitzu horiek pribatizatzea, sare publikoan eskaintzea baino.

Datuek, baina, bestelako errealitate bat marrazten dute. Izan ere, Marta Bera kontseilaria karguan egon zen garaian, itxaron zerrendak handitu egin ziren, erietxe pribatuekin sinatutako itunak puzten ziren bitartean. Hala, 2011n, 15.965 gaixo bideratu zituzten sistema publikotik klinika pribatuetara; iaz, ordea, 38.196 izan ziren. Gastuari dagokionez, berriz, 60 milioi euro xahutu zituen gobernuak iaz itun horietan. Aurrekontuaren %7. Horrek esan nahi du azken hamarkadan laukoiztu egin dela itun horiek eragindako gastua.

ELA eta LAB sindikatuen arabera, gainera, neurri horrek bestelako albo kalte batzuk eragin ditu; besteak beste, ospitale publikoetako oheak murriztu egin dira Nafarroa osoan 1997tik gaurdaino, populazioak gora egin duen arren. Bestalde, langile kopuruan ere murrizketak aplikatu dituztenez, 7.307 ebakuntza gutxiago egin ahal izan dituzte sare publikoan.

ARTXIBOA

Gaixoen historia klinikoak, legez, bost urtez gorde behar ditu Osasunbideak, baina ordutik aitzinera, artxibo batean gordetzen ditu. Bada, Nafarroako historia klinikoen artxibo hori ez du Osasunbideak berak kudeatzen, enpresa pribatu batek baizik.

1990eko hamarkadan egin zuten esku aldatze hori. Sindikatuek protesta egin zuten, erabiltzaileen pribatutasuna urratu dezakeelakoan, baina gobernuak ez zuen atzera egin, eta ordutik ez da zerbitzua berreskuratu.

INFORMATIKA

2005ean, El Corte Ingles merkataritza gunea Iruñean zabaldu zen urte berean, Nafarroako Gobernuak ECISA enpresari emanzizkion ospitaleetako informatika zerbitzuetako batzuk. ECISA, berez, konpainia horren azpisail bat besterik ez da (El Corte Ingles SA).

LABORATEGIAK

Nafarroako Gobernuak Iruñeko ospitaleak gune bakar batean elkartu zituenean, laborategi zerbitzuak ere bateratu egin zituen. Eta aukera baliatu zuen pribatizazioaren bidean sakontzeko. Lehiaketara atera zuen zerbitzua, eta bi multinazional aurkeztu ziren: Roche eta Grifols. Grifolsi eman zioten kontratua. LAB sindikatuak salatu zuenez, baina, Grifolsekin harreman estua zeukan garai hartan Osasunbideko zuzendari mediku zenak, Maria Jesus Calvok, laborategi hartan lan egina baitzen 2003ra arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.