Garazi Goienetxea eta Luciana Alfaro. Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxako kideak

«Pribilegioei ezin zaie uko egin, baina bertatik eragin bai»

Urriaren 17an hasi zen Emakumeen Mundu Martxaren V. nazioarteko ekintza, eta martxoaren 6an bukatuko da Hendaiaren eta Irunen arteko mugan. Hainbat herritako zapiak eramango dituzte azken ekitaldira.

ARITZ LOIOLA/FOKU.
Maialen Arteaga.
Bilbo
2021eko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Luciana Alfaro (Trujillo, Peru, 1974) eta Garazi Goienetxea (Santurtzi, Bizkaia, 1990) Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxako kide dira. Ezohiko egoeran bada ere, aurten nazioarteko V. ekintza abiatu dute. Martxoaren 6an egingo dute mobilizazio nagusia, Hendaiaren eta Irunen arteko mugan, eta gaur hasiko dira biltzen bertara eramango dituzten zapiak, Goierrin, Debagoienean eta Tolosaldean (Gipuzkoa).

Nondik dator Emakumeen Mundu Martxa? Zergatik sortu zen?

LUCIA ALFARO: 1995ean Kanadan jaio zen nazioarteko mugimendua da. Bread and roses martxa antolatu zuten Quebecen, eta eragin handia izan zuen munduan. Ordutik, bost urtean behin martxa bat antolatzea erabaki zuten, emakumeen bizitza zeharkatzen zuen gairen bati helduta. Lehenengo nazioarteko ekintza 2000. urtean egin zen. Oraingo plataforman 70 koordinakunde nazional inguru gaude. Euskal Herria koordinakunde nazional bat da; Herrialde Katalanak, beste bat; Galizia, Kurdistan, Sahara... Amerika kontinentean, Europan, Asian eta Ekialde Hurbilean gaude antolatuta. Jasaten dugun egoerari erantzunez erabakitzen da ekintzaren gaia.

GARAZI GOIENETXEA: Gaiaren erabakigunea zein den ulertzeko, kontuan hartu behar da nazioarteko mugimendu bat dela. Pare bat urte lehenago erabakitzen da gaia, nazioarteko topaketetan; azkenak Bilbon izan ziren 2018an: Feministon Herria.

Oraingoan migrazio politiketan, mugetan eta transnazionaletan jarri duzue begirada. Zergatik? Zer dago hiru elementuotan?

L.A.: Feminismoaren ikuspuntu oso mugatua izan dugu. Dominazio maskulinoaren ondorioetan asko sakondu dugu, baina ez dugu gogoetarik egin bizitzak baldintzatzen dituzten beste dominazio sistemen inguruan. Hiru elementu horiek oso lotuta daude mugimendu feministarekin. Martxak pobrezia, arrazismoa, emakumeen aurkako indarkeria eta beste hainbat zapalkuntza ezabatu nahi ditu. Migrazio politiken kudeaketak eta trasnazionalek kapitalismoa sostengatzen dute, herrialdeen kudeaketa patriarkala eta arrazista eginez. Mugak inposizio patriarkalak dira, eta Atzerritarren Legea gorputzak arrazializatzeko tresna bat da: sarbidea nortzuek duten eta nortzuek ez definitzen du, eta, kasualitatez, lege horrek ez ditu gorputz zuriak zeharkatzen. Feministok dominazio zuriari eta kolonialari heldu behar diogu, oraindik herrialdeak zapaltzen dituen sistema hori badagoelako, eta normalean ez dugu irakurketa hortik egiten. Feminista gisa posizionatzeko eta identitatea garatzeko forma bat da Mundu Martxa.

G.G.: Gai hauek lantzea oso garrantzitsua da. Bagenekien feminismoan landu ez zen gai bat zela; jardunaldietan zertzelada batzuk eman ziren, baina arazo honi aurrez aurre heltzeko beharra sentitzen genuen.

Mugitzen garenak garelako du izena martxako kantak. Nortzuk dira mugitzen diren horiek eta zergatik mugitzen dira?

G.G.: Feministok beti mugitu izan gara, beti egon gara kalean. Datorrena datorrela, kaleak okupatzen ditugu beti. Mugimendua gara. Gure erraiek eta bizipenek mugiarazten gaituzte. Kanpora begira mugitzen gara, baina gure zapatetan mugitzen denak ere mugiarazten gaitu gu geu.

L.A.: Martxaren ideia bera mugimendua da. Pandemiak gure jarduera murriztea eragin du, baina horren aurrean martxan jarraitzen dugunak gara. Gure auzoetan eta herrietan aldaketa bat egiteko mugitzen eta altxatzen gara.

Pribilegioak ere aipatzen dira kantan. Nortzuk dira pribilegiodunak eta zeintzuk dira pribilegio horiek?

L.A.: Kanta honek zuritasuna interpelatzen du. Sistema arrazista honen erantzulea zuritasuna da, eta horrek gorputz jakin batzuei pribilegioak eskaintzen dizkie. Eduki nahi ez arren, pribilegioei ezin zaie uko egin, baina bertatik eragin bai. Pribilegiatu postutik eraginez, sistemari arrakalak sortu behar dizkiogu, ardura indibidualak zein kolektiboak hartuz. Kriminalizatzen gaituzten lege asko ditugu, eta normatiba horren kontrako ekintza asko desobedienteak izan behar dira.

Banatutako bi leku lotzeko metafora gisa erabili izan dira zubiak. Zuek, ordea, beste zentzu bat eman diezue. Zer dira zubiak zuentzat? Zer gertatzen da zubietan?

G.G.: Gaia lantzean izan dugun prozesuaren fruitua da. Zubiaren erromantizazioan erortzen gara askotan, bi toki neutro elkartuko balitu bezala. Mundu sinboliko hori barneratuta daukagu. Baina,banatutako tokiak ez dira neutroak; desoreka handia dago herrialdeen artean, eta hor, kolektibo migratu eta arrazializatuek eskaini duten perspektibari esker, begirada aldatu zaigu. Hainbeste, ezen zubiak ere eraisten diren. Beste gorputz batzuentzat zubiak mugak dira, heriotzaren espazio bat. Gainera, ez dira hain sinbolikoak. Azken egunerako aukeratu dugun Hendaiaren eta Irunen arteko zubia ere muga erreal bat da. EAEren eta Nafarroaren arteko mugak eragozpen handiak dakartza, eta Iparraldearekin are gehiago. Martxoaren 6ko ekintzara, adibidez, jende asko ezin izango da etorri egoera administratibo eta legala dela eta. Gehienetan Hegoaldeko errealitatetik antolatzen dira ekintzak, eta Martxak muga hori arrakalatzeko ere balio izan digu.

L.A.: Uste dugu zubiak herrialdeak elkartzen dituela, baina kapitalismoak merkantziak garraiatzeko eraiki ditu. Eta horrek zerikusi handia du transnazionalekin. Estatuek ere igarobide horien kontrol osoa dute: nork gurutzatu dezakeen, nork ez... Hego Euskal Herriak Frantziako Estatuarekin duen muga hori aukeratu dugu.

Aurtengo Mundu Martxa baldintza desberdinetan egingo da. Herriz herriko dinamika eta tokian-tokian gogoetak prestatu dituzue. Nola sumatu dituzue herriak? Izurriak geratu al du herrietako mugimendu feminista?

L.A.: Herrietako jendea asko ari da mugitzen. Zapiak egiteko, dosierra lantzeko... 27 eskualde ingurutik pasatuko gara martxoaren 6rako zapiak jasotzera. Sentsazio baikorrak daude herrietan, eta, hein handi batean, kolektibo arrazializatuek egin duten lanari esker da. Txostena eduki politikoz eta kritikoz jantzi dute.

G.G.: Herrietako jarduna baldintzatzen duten faktore asko daude. Adibidez, mugen zapalkuntza hau pairatzen duten gorputzen parte hartzearen araberakoa ere bada. Mundu Martxaren lana errazagoa da historikoki landu den herrietan, baita fisikoki elkartzeko espazioak dituztenetan ere. Dena den, maila lokalaren aldeko apustua ez da soilik pandemiarengatik izan. Mundu martxak beti hauspotu ditu herriz herriko prozesuak, uste dugulako aldaketarako indarra herrietan dagoela. Bereziki horregatik erabaki genuen nazioarteko ekintza atzeratzea; nahiz eta aurten jende gutxiago mobilizatu, uste genuelako prozesuak eta hausnarketa berriak ezinbestean herrietan egin behar zirela. Garrantzi handia ematen diogu herriz herri egiten den txindurri lan horri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.