Pribilegioez, zeharkakotasunaz eta feminismo dekolonialaz

Berdintasun politikek begirada intersekzionala eta dekoloniala behar dutela azpimarratu dute Emakundek antolatutako jardunaldi batean. Berdintasunaren aldeko gizon politikarien sare bat sortzeko proposamena aurkeztu dute.

Iker Zirion, June Fernanez, Maitena Salinas eta Anita Hichaicoto, mahai inguruan. RAUL BOGAJO/ FOKU
Iker Zirion, June Fernandez, Maitena Salinas eta Anita Hichaicoto, mahai inguruan. RAUL BOGAJO/ FOKU
edurne begiristain
Gasteiz
2026ko apirilaren 20a
18:03
Entzun 00:00:00 00:00:00

Berez, berdintasunaren aldeko gizon politikarien esperientziak partekatzeko jardunaldia izan da, baina zeharkakotasuna eta feminismo dekoloniala aldarrikatzeko abagune bilakatu dute topaketa Anita Hichaicoto Africa en Genero elkarteko ekintzaileak eta June Fernandez kazetariak. Fernandezek berak eraman ditu gaiok eztabaidaren erdigunera: «Askotan bikote heterosexualetan aitatasuna edo amatasuna nola kudeatzen den aztertzen dugu, baina, agian, gaur egun ez da hori izan behar lehentasun politiko handiena; agian, etxeko langileen egoerak, egoitza sistemaren kudeaketak edo Atzerritartasun Legearen abolizioak egon behar dute eztabaidaren erdian». Fernandezekin eta Hichaicotorekin batera, Iker Zirion berdintasunaren aldeko gizonen Piper Txuriak taldeko kidea ere gonbidatu dute mahai ingurura. Berdintasunaren aldeko gizon politikariak. Berdintasunaren aurkako inboluzioaren testuinguru globaleko esperientziak eta proposamenak goiburu hartuta egin dute topaketa Gasteizen.

Jardunaldiaren xede nagusia zera izan da: berdintasunaren aldeko gizon politikarien euskal sare bat sortzeko proposamena aurkeztea, Gizonduz proiektuaren bidez 2017tik lantzen ari diren bideari jarraipena emateko. Orain arte bostehun gizonek baino gehiagok parte hartu dute sentsibilizazio eta prestakuntza jardueretan, eta, hemendik aurrera, EAEko erakunde publiko batean kargu politiko bat duen edozein gizon batu daiteke, baldin eta berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako jarduerak garatzeko engaiatzen bada.

«Zaintzaz hitz egitea ez da soilik aitaren rola aztertzea, atzean dagoen eredua zalantzan jartzea baizik»

JUNE FERNANDEZKazetaria

Nola banatzen dira pribilegioak, eta non kokatzen da boteregunea gaur egun? Nork du botere hori erabiltzeko gaitasuna? Maitena Salinas moderatzaileak bota dizkie galderak solaskideei, eta Fernandezek berehala utzi du argi itaunek eztabaida sakonago baterako atea irekitzen dutela. «Oso autoerreferentzialak gara askotan». Haren ustez, eztabaida feminista bikote heterosexualen barruko rol banaketaz aritzen da sarri, baina benetako erronka intersekzionalitatean datza: «Zaintzaz hitz egitea ez da soilik aitaren rola aztertzea, atzean dagoen eredua zalantzan jartzea baizik». Azpimarratu duenez, horrek esan nahi du, besteak beste, etxeko langileen egoerari, egoitza sistemen kudeaketari eta Atzerritartasun Legeari begiratu behar zaiela.

Hain zuzen ere, begirada horren falta dute berdintasun politikek, Hichaicotoren arabera. Emakume migratu eta arrazializatuen egoera islatzen duten datu zehatzekin ilustratu du desoreka: «Euskal Herrian biztanleriaren %14 migrantea da, baina biztanle horietatik %2 baino gutxiago dira kargu publikoetan dauden gizonak. Eta emakumeak? Ez gaude». Haren hitzetan, arazoa ez da soilik ordezkaritzarik eza, baizik eta feminismoaren barruan ere ez direla aitortzen emakume migratuen eta arrazializatuen borrokak. «Zer feminismo ari gara eraikitzen, gu kontuan hartu gabe?». Horren aurrean, feminismo dekoloniala aldarrikatu du benetako zeharkakotasuna praktikatzeko bide gisa.

«Euskal Herrian biztanleriaren %14 migrantea da, baina biztanle horietatik %2 baino gutxiago dira kargu publikoetan dauden gizonak. Eta emakumeak? Ez gaude»

ANITA HICHAICOTOAfrica en Genero taldeko kidea

Hichaicotok beste gai arantzatsu bat ere jarri du mahai gainean: feministen arteko ezagutza falta. «Ez dugu elkar ezagutzen, eta horrek ezinezko egiten du aliantza sendoak eraikitzea». Haren iritziz, emakume migratuek sortutako sareek —askotan, instituzioetatik kanpo— eusten diete egoera zaurgarrian daudenei. Mediterraneoa zeharkatu duten emakumeen adibidea jarri du: «Zergatik ez ditugu kalean abandonatuta ikusten? Badagoelako sare bat, elkarri eusten diona». Sare horiek aitortzea eta emakume migratuekin aliantzak sortzea eskatu die instituzioei.

Gizonak, botere posiziotik

Zirionek gizonen rola izan du hizpide. Piper Txuriak taldea 2008tik ari da beste maskulinitate eredu baten alde lanean, baina onartu du bidea ez dela erraza izaten ari: «Pribilegioak identifikatzea, onartzea eta haiei uko egitea kostatzen zaigu». Bere burua adibide jarrita —gizon zuria, heterosexuala eta klase ertain-altukoa—, esplikatu du funtsezkoa dela boterearen pribilegio horren kontzientzia oso presente izatea: «Gizonok berdintasunaz hitz egiten dugunean, gure botere posizioa aintzat hartu behar dugu».

Zirionen ustez, ekiten hasteko, gizonek «deserosotasuna besarkatu» behar dute. Eta bere ustez gizonek duten betebeharra zehaztu du: «Gehiago isildu, gehiago entzun eta beste leku batean kokatu behar dugu geure burua».

«Boterean gutxiago oinarrituta egongo den politika toleranteago eta inklusiboago bat behar dugu»

IKER ZIRIONPiper Txuriak taldeko kidea

Aurrera begira, mahai inguruak hainbat galdera utzi ditu airean, bereziki berdintasunaren aldeko gizon politikoen sareari dagokionez. Hichaicotok zuzenean galdetu du: «Nola bermatuko du aniztasuna? Nork erabakiko du nor sartzen den sarean? Zer aholkularitza izango du?» Haren ustez, arriskua baitago intersekzionalitatea «zuritzen» jarraitzeko, praktikan aplikatu gabe.

Zirionek, bere aldetik, politika egiteko modua bera berrasmatzeko beharra azpimarratu du: «Boterean gutxiago oinarrituta egongo den politika toleranteago eta inklusiboago bat behar dugu». Horretarako, mugimendu sozialen eta instituzioen arteko elkarlana ezinbestekotzat jo du, eta begirada zabalago baten alde egin du, zaintza publikoak, bakearen kultura eta erantzukizun globala kontuan hartuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA